Luzapenean jasotako golarekin garaipen barik geratu da Aloña Mendi

Mireia Bikuña 2017ko ots. 26a, 19:51

93. minutuan, areaz kanpotik jaurtitako baloiarekin egin du berdinketaren gola Pablok. Horrek, ordura arte, irabazteko, Aloñak egindako lan itzela zapuztu du. Urrezko hiru puntu izan behar liratekeenak, puntu gazi bakarrean bilakatu dira.

Izan ere, bigarren zatia izan da aipagarriena. Lehenengoan ezer gutxi. Ez joko, ez jokaldi arriskutsu. Ezer. Baloi luzeak, besterik ez. 18. minutuan penaltia eskatu dute oñatiarrek, Aimar area barruan erori ostean. Ayesta epaileak Aloñako aurrelaria zigortu du txartel horiarekin. 40. minutuan Oiartzun izan da arrisku apur batekin areara hurbildu dena. Falta ondo atera du, eta baloia area alderik alde pasa ostean kanpora joan da. Josuk ez du errematatzen asmatu.

Golak, bigarrenean

Bigarren zatia hasi bezain pronto, saria Aloñarendako. 47. minutuan gola sartu du Aimar Lizarrak. Jokaldia nahasi samarra izan da. Azken errematearen aurretik, penaltia eskatu dute etxeko jokalariek.

Markagailuan aurretik ipini ostean hasi da lan zailena oñatiarrendako. Hiru puntuak urrezkoak ziren eta sartutako golari ahalik eta etekin handiena ateratzeko lanean hasi dira. Orduan jokatu dira minuturik ikusgarrienak. Bereziki, markagailuari begiratu ezkero.

Korner eta falta erdiraketatan eta areaz kanpoko jaurtiketatan sortu dute bi taldeek arrisku handiena. 57. minutuan izan du falta jaurtiketa Aloñak eta 64. minutuan, Oiartzunek.

Eta, Arrasaten  gertatu zitzaien moduan, azken jokaldian jaso du gola Aloñak. Baloi galdu bat berreskuratu du Pablok areaz kanpo eta bolea ikusgarriarekin sartu da baloia atean, eskuadratik. Oñatiarrek baloia zelai erditik atera bezain pronto partiduaren bukaera adierazi du Ayesta epaileak.

Azken orduko berdinketa horrekin, burumakur joan dira Aloñako ordezkariak aldagelara.

Mondrak berdindu eta UDAK irabazi

Sailkapeneko goiko lekuetan jarraitzeko puntu baliotsuak lortu dituzte Mondrak eta UDAk aste bukaeran. Arrasatearrek bana berdindu zuten atzo Hernaniren kontra Andoni Aizpuruak sartutako golari esker.

UDAK, bestalde, hiru puntu puntuak ekarri zituen atzo Martuteneren zelaitik 0-2 irabazita. Santxok egin zituen aretxabaletarren bi golak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak