Mexikotik Soto del Realera eroan dute Angel Mari Telleria

Txomin Madina Milikua 2017ko ots. 24a, 21:18

Jaiotzez Oñatikoa, 1980ko hamarkadaz geroztik zegoen Mexikora ihes eginda. Espainiak egozten dio 1981ean polizia baten heriotza eragin zuen ETAren atentatu baten parte hartu izana. Martxoan preskribatzen dira leporatzen zaizkion delituak.

Eguaztenean atxilotu zuten Mexikoko Guanajuato estatuan Angel Mari Telleria. Espainiak 1981eko ekainaren 16an, Zarautzen, Maria Josefa Garcia polizia hil zuen ETAren atentatuan parte hartu izana leporatzen dio. Herrialde amerikarretik Madrilgo Soto del Real espetxera eroan dute. Martxoan preskribatzen dira egozten zaizkion delituak.

Jaiotzez Oñatikoa, umetan joan zen Bilboko Santutxu auzora bizi izatera eta 1980ko hamarkadaz geroztik zegoen Mexikora ihes eginda.

''Jarduera errepresiboa''

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Angel Mari Telleriaren atxiloketaren harira kaleratu duen oharrean, "Mexikoren eta Espainiako estatuaren jarduera errepresiboa" salatu du, eta aldarrikatu du "Angelek Mexikon zein Euskal Herrian libre bizitzeko daukan eskubidea".

Gaineratu du, era berean: "Angelen atxiloketak agerian uzten du, beste behin ere, nolako egoera bizi duten Euskal Herritik ihes egin behar izan duten euskal militanteek. Guretzat ezaguna da haien egoera erregularizatuta daukaten iheslari politikoen egoera gogorra, baina oharkabean pasatzen zaizkigu klandestinitatean bizi direnek sufritu behar dituzten miseriak".

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak dio hiru hamarkadaren ostean atxilotu izanak frogatzen duela "amnistiarik gabe euskal militante politikoen aurkako jazarpenak ez duela etenik izango".

Hori horrela, "errepresaliatu politikorik gabeko Euskal Herri aske baten alde antolatzeko eta borrokatzeko deia" egiten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak