Moriarti ekoiztetxearen azken filma bukatzear da

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko ots. 17a, 09:00

Sei hilabete dira Altzoko erraldoia'-ri buruzko filma editatzen hasi zirela. Aitor Arregi oñatiarrak eta Jon Garañok zuzendu dute Jose Mari Goenagarekin eta Andoni de Carlosekin batera idatzitako gidoia. Udaberrian zinema jaialdietan erakutsi gura dute.

Aundiya da hasiera baten jarri dioten izena, baina ez daude seguru hori izango den behin betikoa. Maiatzean bukatu zuten, Euskal Herrian zehar kilometro asko eginda, zortzi asteko errodajea. Asteon grabatu dute azkeneko sekuentzia.

Muntaia bukatzeko ez zaie askorik falta, eta behar duten denbora inbertitzen jarraituko dutela dio Aitor Arregi zuzendariak. Horrelako egitasmo handi batek denbora eta mimo handia eskatzen du, baina gozatzen ari dela dio. "Une honetan, muntaia amaitutzat egotetik oso gertu dago. Sei hilabete goaz editatzen, eta astean grabatu dugun sekuentziarekin edizioa borobiltzea lortuko dugu. Gidoiak elurretan grabatzea eskatzen zuen, eta elurraren zain egon gara; era berean, aktoreetako bat beste film baten egon da orain arte. Elur asko eta egunetan iraunkorra zena behar genuen eta azpiegitura, eta material guztia eramaten duten kamioiak heltzeko moduko toki baten izan behar zen derrigorrean. Horregatik, Pirinioetan, Beret herrian egon gara. Elurraz gainera, mendian zegoen herrixka bat ere behar genuen grabatu, eta hantxe egin ditugu hiru egun. Elurretakoez gainera, aurretik grabatzeko astirik izan ez genuen beste batzuk ere grabatu ditugu; esaterako, karromatoa paisaia ezberdinetan. Errodaje plana oso estu zegoen; horregatik, lantaldea berriz elkartutakoan grabatzeko utzi genituen. Eguaztenean heldu ginen etxera".

Musika eta efektuak ere labean Pascal Gaigneri eskatu zioten musika egiteko. "Hiru aste barru hasiko gara elkartzen. Pauta batzuk markatu genizkion eta lan potoloena ari da egiten orain. Guztion artean osatuko dugu filmaren beharretara. Horrez gainera, bestelako soinu konponketak ere egin behar dira".

Paraleloki, Madrilen ari dira efektu bereziekin lanean. "Erraldoiaren ezaugarrietara egokitzen ari dira Eneko Sagardoi aktorea, eta XIX. garaia dela erakusteko, anakronismoak kentzen ere bai. Hiru errailetan goaz orain, baina hilabete inguruan errail berean batuko gara".

Jaialdietan promozionatu guran

Europan ohikoa da filmak zine jaialdien bidez promozionatzea. Aurrekontu handirik ez dutenei ate asko zabaltzen  dizkie. "Berlin pasatuta dago, Cannes justu samar, Venezia eta Donostiara eraman gurako genuke. Distantzia hartu barik kritikoa izatea zaila da, baina taldekook feeling ona dugu filmarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak