Basauri-Izarraitz Aloña partidua ikusteko bi autobus ipiniko dituzte

Mireia Bikuña 2017ko ots. 15a, 08:44

Bihar, eguena, da izena emateko azken eguna. Interesatuek Aloña Mendi eskubaloi sailaren Facebokera mezu pribatu bidali edo zuzendaritzako kideren batekin egon beharko dira. "Ez da ordaindu beharrik izango, baina autobusaren sarreran borondatea emateko aukera egongo da", adierazi dute ohar bidez. Zapatuan, 18:15ean, jokatuko da Basauriko Artunduaga kiroldegian eta autobusak 16:00etan irtengo dira Oñatitik.

Izarraitz Aloñak badaki zaleen babes handia duela eta partidua duen garrantzia aintzat hartuta, zuzendaritza batzordeak ahalegin berezia egin gura izan du Zubikoan egoten den "giro bero" hori Basaurira eramateko. Izan ere, zapatukoa lehia, erabakigarria izan daiteke sailkapenari begira. "Gogorra. Oso gogorra izango da. Guk irabazten badugu lau puntuko abantaila eta gol aldea alde izango ditugu. Hortaz, Basaurik presio handia izango du", esan du Rafa Zuluetak.

Lehena bigarrenaren kontra

Lehenengoa –Izarraitz Aloña– bigarrenaren –Basauri– kontra, eta, jokoan, sailkapeneko lehenengo lekua eta igoera faserako zuzeneko txartela. "Eurek dira liga irabazteko hautagai nagusiak eta biharkoa ez badute irabazten egoera asko konplikatuko zaie", dio Zuluetak.

Izan ere, oñatiarrek ondo baino hobeto hartu diote neurria kategoriari eta zalantzan jartzen hasi dira hautagai nagusien lana. Zubikoan jokatutako partiduan (28-28) ikusi zen bi taldeen arteko parekotasuna.
Txapelketa bukatzeko zazpi partidu falta dira eta biharkoak marka dezake sailkapeneko postuak nola geratzen diren. "Liga irabazten duenak txartel zuzena izango du Lehenengo Nazionalera igotzeko faserako", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak