Udaberrian hasiko dituzte San Lorentzoko irisgarritasun eta auzoko bidegorriko lanak

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko urt. 24a, 13:00
San Lorentzo auzoan udaberrian hasiko dituzte lanak (Argazkiak eta planoak: Oñatiko Udala)

Bi mailatan egingo dira lanak, aldi berean: batetik, San Lorentzo eta Ugarkalde lotuko dituen bidegorriko lanak egingo dituzte eta bestetik San Lorentzo auzoko irisgarritasun lanen zortzigarren fasea. Udaberrian hasi eta lanek bost bat hilabete iraungo dutela aurreikusi du hirigintza eta zerbitzuetako departamenduak.

"2017 urterako mugikortasun eta irisgarritasun helburuak lortzeko bidean", Ugarkalde eta San Lorentzo arteko bidegorria eta San Lorentzoko auzoko zortzigarren fasearen esleipena abian jarri dutela adierazi du prentsa ohar bidez Irati Etxeberriak, hirigintza eta zerbitzuetako zinegotziak. Bi lan hauek udaberrirako hasita egotea gurako luke eta  bien exekuzio epea bost hilabetekoa izatea espero du.

San Lorentzo eta Ugarkalde arteko bidegorria

Oñatiko udalerriko bidegorri sarea osatuko du Ugarkalde eta San Lorentzo auzoen artekoak. Egun GI-2630 galtzadaren ezkerreko (iparreko) aldetik joango da.

Bizikleta ibilbidearen ezarpena inguruko ezaugarrietara egokitu dute eta eraginetako batzuk hauek izango direla:

  • Lineako aparkaleku batzuk hartuko ditu (errepidearen hegoaldeko ertzean ordezkatuko direnak, ezabatuko den bidegorri zatian)
  • Autobusaren geltokiaren atzetik joango da, GI-2630 errepidearen zabalera gutxituko delarik, geltokia eta bidegorriaren artean segurtasun eremu bat mantenduz.
  • Espaloiaren zati bat hartuko du, etxebizitzen eta gaur egungo luzetarako eremu berdearen artean

Lanen exekuzioaren aldi batean, GI-2630ko galtzada okupatzen den eremuan, errei bakarra ezartzea aurreikusten dute, txandakako zirkulazioarekin. Gainontzeko ataletan aparkalekuak kenduko dira aldi baterako eta autobus geltokiko nasa lekualdatzea ere aurreikusten da. Proiektuaren eremu osoan argiztapena ere berrituko dute. Aurrekontua 199.315,21 eurokoa da, (241.171,40 euro BEZ barne). Lanak udaberrirako hasita izatea espero du udalak eta bost hilabeteko epean amaitzea.

San Lorentzo auzoko irisgarritasun lanak

Udalak bidalitako oharraren arabera, proiektu honek aurreko urtetako faseei jarraipena emango die eta "San Lorentzoko zortzigarren eremuko oinezkoen ibilbide eta igarobideak indarrean dagoen irisgarritasun arautegira egokitzea du helburu, edo, hau ezinezkoa den kasuetan, gaur egungo egoera nabarmen hobetzea".

Espaloietako oinarrizko esku-hartzeak honako hauek izango dira:

  • Espaloia zabaldu araudiak behartzen duen gutxieneko zabalerara.
  • Espaloietako zeharkako malda gutxitu
  • Malda isolatuak eta ibilbideetako hausturak ezabatu
  • Zoladura ordezkatu
  • Norabidezko zoladura desberdindua ezarri oinezko ibilbideetan orientazioa errazteko
  • Oztopo-zutoinak ezarri ibilgailuen aparkaleku desegokia ekiditeko
  • Eskudelak ezarri hala behar den maldetan

Eskaileretan egingo diren esku-hartzeak:

  • Eskailera mailen neurria egokitu
  • Zoladura ordezkatu
  • Zoladura desberdindua ezarri eskaileretako sarrera eta irteerak adierazteko
  • Araudiaren araberako eskudelak ipini

Oinezkoen pasabideetako esku-hartzeak:

  • Plataforma erako oinezkoen igarobideak eraiki, dagokien seinaleztapen horizontal eta bertikalarekin

Irisgarritasunaren inguruko lanez gain, proiektu honek udaleko euri-uren saneamenduaren berriztapen ekintzak ere hartzen ditu, gaur egun ur zikinekin bat den lekuetan, bata bestearengandik bereiziz. Aurrekontua 198.966,26 eurokoa da (240.749,17 euro BEZ barne). "Lanak udaberrirako hasita izatea espero dugu, eta bost hilabeteko epean amaitzea", dio amaieran oharrak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak