Frankismoaren eragina, iraganean eta orainean

Eneko Azurmendi 2017ko urt. 20a, 10:26

Francoren bilobari gutuna antzezlana ikusteko aukera izango da etzi, domeka, Santa Ana antzokian, 19:30ean; frankismoak euskaldunengan –komunitate moduan– izan duen eragina azaleratzen da obra horretan eta sendatzeko baliabideak ematen dira.

Artedrama –Bizkaia–, Dejabu Panpin Laborategiak –Gipuzkoa– eta Le Petit Theatre de Pain –Lapurdi– taldeek osatzen dute Francoren bilobari gutuna antzezlana, hiru taldeek elkarrekin egiten duten hirugarren obra, hain zuzen.

Ximun Fuchs da antzezlanaren zuzendaria eta aktoreak, berriz, Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas dira.

Obraren oinarria frankismoa da, Igor Elortza gidoilarietako baten arabera. "Tratatzen duena zera da, frankismoak euskaldunongan, gerra bizi izan zuten zein gaur egungo euskaldunongan, izan duen eta duen eragina komunitate moduan zelan bizi izan dugun; eta zelan sendatu dezakegun elkar, ez dira-eta auzi pertsonalak", dio.

Trama "amaraun" bat dela dio Elortzak, Espainiako gerrako zein gerraosteko hainbat gertaerek eta gertaera horiek  gaur egun kokatutako ospitale batean batzen diren pertsonaiengan eragiten dituzten bizipenek osatutako amaraun bat. "Zinta-dantza bat da. Ardatz berean korapilatzen doazen istorioak dira, elkarrekin askatu behar direnak", azaldu du.

Ospitalea

Ospitale batean kokatzen da antzezlana, Elortzaren esanetan, "gaixorik dagoen jendarte baten metafora moduan".

Egileen arabera, hau da obraren sinopsia: Iñakik hamar urte eta leuzemia ditu. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan.

Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna.

Arrakasta handia

Urriaren 31n estreinatu zen antzezlana, eta, geroztik, arrakasta handia izaten ari da. Elortzaren esanetan, oso intentsua da obra eta ikuslea "tripatatik" harrapatzen du. "Etxera joan eta hurrengo egunean ere buruan bueltaka izaten du ikusleak antzezlan hau", zehaztu du.

Sarrera erdiak, salduta

Esan moduan, domekan egongo da lan hau ikusteko aukera, Santa Ana antzokian, 19:30ean.
Bibe.me webgunean dago sarrera erosteko aukera, 10 eurotan. Eskuragarri dauden sarreren erdia baino gehiago saldu da dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak