Oñati nolakoa den eta zer dagoen erakutsi dute Fiturren

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko urt. 20a, 09:37
Edurne Urteaga Madrileko Fitur azokan eguaztenean (Argazkiak: Oinatur)

Oinatur kooperatibako Edurne Urteaga joan da Madrilgo Fitur azokara. "Oso azoka handia da eta aurrez lanak eginda izaten ditugu. Hango eta hemengo agentzia asko elkartzen dira, eta, nortzuk doazen ikusita, aukeraketa bat egin eta eurekin bilerak lotzen ditugu. Bilera bat baino gehiago egin ditugu aurtengo ekitaldian ere", dio Urteagak.

Eguaztenean goizean goiz joan zen Edurne Urteaga Madrilera eta egun hartako zein egueneko agenda beteak zituen. "EAEko agentzia batekin, Espainiako batekin eta turista ingelesekin lan egiten duen beste enpresa batekin egon naiz, adibidez. Eta Oñati erakusten saiatu naiz", dio oñatiarrak. Oinatur-ek emandako datuen arabera, 2016an 31.232 bisitari pasa dira Oñatiko Turismo Bulegotik eta Arrikrutz-Oñatiko kobetatik. "Datuek erakusten dutenaren arabera atzerritar bisitarien igoera da nabarmenki igo dena. Bisitarien %20 izanik besteak beste. Frantzia, Alemania eta Erresuma Batutik bertaratu delarik gehienbat kanpotar bisitaria", zehaztu dute.

Oñati nolakoa den eta bertan zer dagoen ikusteko, egiteko edo jateko azaldu die, esate baterako, azokan parte hartu duten agentzia ezberdinei. "Hemen dauden agentzietako batzuek umeekin lan handia egiten dute. Horiendako, beraz, Arrikrutzen egiten ditugun espeleoabenturak aproposak izan daitezke. Gastronomian oinarritzen diren enpresendako, berriz, Gomiztegi eta Txokolateixia izan daitezke aproposagoak", zehaztu du Urteagak. Bisitatzeko moduko eraikinak, monumentuak, ere baditu Oñatik, baita ezagutzeko moduko historia ere, eta horien berri ere eman die oñatiarrak Madrilen bisitatu dituen agentziei.

Oñatin bazkaldu

Guztira 1.500 agentzia edo turismo alorreko enpresa daude egunotan Fiturren, 100 herrialde baino gehiagotik joandakoak. Bakoitzaren ezaugarriak ondo aztertuta joan da Urteaga hara eta bisita luzeak egiten dituztenekin saiakera berezia egin du. "Hemen daudenetako askok autobus asko betetzen dituzte. Horietako batzuek, baina, egonaldi laburrak antolatzen dituzte, bizpahiru ordukoak. Oñati ezagutzera etorri bai baina egonaldia pixka bat luzatzen dutenenekin ere egon gura izan dugu. Bazkaltzeko plana ere Oñatin egitea ederra izango litzateke eta horrelako aukerak ere eskaini dizkiegu", dio Urteagak. 

Debagoieneko eskuorriak ere badituzte EAEko postuan, eta hango mahaitxo baten egin ditu bilera gehienak Urteagak. Beste herri batzuetako turismo agentziek zer eskaintzen duten ikusteko tartea ere izan du. "Besteek zer eta nola eskaintzen eta norekin lan egiten duten ere interesatzen zaigu, noski".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak