Lau karroza aterako dira arratsaldeko desfilean Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko urt. 5a, 07:46
Errege Magoa plazara heltzen joan den urtean

Lehen hiruretan Errege mago bana joango da eta laugarrenean, "komertzio txikiek herria bizirik mantentzeko duten garrantzia" erakutsiko du Txandak; Ganbara abesbatzak ere parte hartuko du. Desfilea 17:30ean abiatuko da Kale Zaharretik. Aurretik, San Martingo nagusien egoitzara joango dira Errege Magoak.

Iazko esperientzia "ona" izan zela-eta, aurten ere Txandak antolatu du gaur arratsaldean egingo den Errege magoen desfilea. "Lau karroza aterako dira. Lokal handi batean ditugu denak sartuta eta bezperan aparteko lana egitea tokatuko zaigu, azken detaileak lotzeko, baina gogotsu gaude", dio Juan Carlos Aranburuk, Txanda elkarteko presidenteak.

Lehen hiru karrozetan Errege magoak joango dira. Dekoratuak berritu eta txukundu egingo dituzte, baina "ahal den guztia aprobetxatuz". Laugarrena, baina, erabat berria izango da. "Hor gura dugu erakutsi komertzio txikiak oso garrantzitsuak direla herria bizirik mantentzeko, herriko parte direla. Bi etxe bloke agertuko dira. Baten beheko solairuan zabalik dauden komertzioak agertuko dira, apaindutako erakusleihoekin eta argiekin. Bigarrenean, berriz, itxita egongo dira komertzio horiek, argi barik, pertsianak jaitsita", azaldu du Aranburuk.

Sorpresa

Beste berrikuntza bat ere egongo da gaurko desfilean: Ganbara abesbatzak emanaldia egingo duela aurreratu du Aranburuk: "Errege magoak udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango dira umeei harrera egiten. Ilara handia egiten da eta plazan dauden guraso eta umeen egonaldia arintzeko egingo du Ganbarak emanaldia. Plazako kioskoan izango da, 19:30ean".

Desfilea 17:30ean abiatuko da kale Zaharretik. Sietevientos bidegurutzera heltzean, Santa Marinara joango da, Portu kaletik barrena. Maria Errasti kaletik Etxaluzera iritsiko da eta Kale Barrian behera eginez helduko da Foruen plazara. Hiru Errege magoek piztutako zuziekin joango diren laguntzaileak izango dituzte ondoan une oro. 70 lagunek hartuko dute parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak