Artista gazteei euren lanak erakusteko aukera eskaintzeko eta, era berean, kultur programazio egonkorra duten espazioak ezagutzera emateko helburuarekin abiatu zuen Foru Aldundiak egitasmoa.
Oñatiko Udalak bat egin du ekimenarekin; hori horrela, udan egin zuten moduan, asteburu honetan eta hurrengoan, bina emanaldi egingo dituzte gaztelekuan. Bihar, zapatua, pop, folk eta blues estiloen nahasketa egiten duen Eraul seikotearen musika malenkoniatsua eta urte askotan kanpoan bizi izan den Elena Setien donostiarraren pop esperimentala entzuteko aukera izango da. Emanaldia 22:30ean hasiko da eta doako sarrera du. Datorren astean, Frank eta Pet Fennec taldeak igoko dira gaztelekuko taularen gainera.
Talde berriei eskaintza
Datorren urteko programa osatzeko deialdia zabaldu dute orain; interesa dutenek gaztemaniak.eus atarian dute informazioa.