Errekargua aplikatzen zaien etxe kopurua %25 jaitsi da Oñatin

Eneko Azurmendi 2016ko aza. 17a, 15:12

Badira hiru urte Udal Gobernua errekargua jartzen hasi zela inor erroldatu gabeko etxebizitzei, ohiko bizileku ez diren etxebizitzak, beharra duten herritarrendako bizileku bihurtzeko asmoarekin; 2013an 449 etxebizitzari aplikatu zitzaien eta 2016an, berriz, 342ri.

Datu hauek kontuan hartuta, Mikel Biain Oñatiko alkateak dio lehen hutsik zeuden etxebizitzak alokairura bideratu direla orain, "neurri handi batean".

Politika honek, etxebizitza beharra duten herritarrei laguntzea ez ezik, Oñatin benetan zenbat etxe huts dauden ezagutu eta etorkizunerako etxebizitza politikak diseinatzeko oinarri egokiak ezartzeko aukera ematen du, alkatearen esanetan.

Arau foral batek ahalbidetzen du errekargu hori aplikatzea. %50 eta %150 artean aplikatzeko aukera dago eta Oñatin, %100eko errekargua aplikatzen da. Alkateak dio, hasieran polemika piztu arren, orain onartutzat ematen dela neurri hau Oñatin.

Errekarguarekin lortutako dirua 30 urtez azpiko gazteei zuzenduriko emantzipazio diru-laguntzetara bideratzen du udalak. Izan ere, badira bi urte laguntza hau eskaintzen duela, alkatearen esanetan, "azken urteotako eraikuntza burbuilaren ondorioz,  bereziki kaltetua izan den kolektiboa gazteena delako, euren autonomia maila eta garapena kolpatuz".

Biainen arabera, oraindik hasiera da, jendea pixkanaka badoa jabetzen diru-laguntza hau badagoela eta etorkizunera begira, emaitzak ematen jarraituko duela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak