goiena.eus

Arantzazuko harrobia handitzearen aurka daudela esan dute bailarako hainbat eragilek

  Ingurumena  Oñati GAURKOAK

Arantzazuko harrobia handitzeko proiektua du ustiatzen duen enpresak eta bailarako hainbat eragilek handitze horri "ez" esan diote, Arantzazu Defenda Dezagun herri plataforman batuta. Helegitea ere aurkeztu diote proiektuari eta aurkako sinadura bilketa hasi dute.

Arantzazu Defenda Dezagun herri plataformak goizean adierazi duen moduan, harrobiaren ustiapena bikoiztu egin gura du enpresak; 52.300 metro karratutik 100.000 metro karratura. Harrobia non dagoen eta proiektu horrek ekarriko lituzkeen ondorioak ikusita, handitze horren aurka daudela adierazi dute herri plataforma osatzen duten bailarako hainbat eragilek.

Arrazoiak

Pello Zabala frantziskotarrak hitz egin du guztien izenean eta berak aipatu ditu kontra egotearen arrazoiak zeintzuk diren. Ingurune natural honek dituen baloreak bultzatzeko Udalak, Debagoieneko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta  Eusko Jaurlaritzak urteetan egin dituzten esfortzuak kontutan hartuta, ezin da ulertu nola baimen dezaketen balore hauen kontra doan proiektu hau. Proiektu berriak hartzen duen eremu hau Aizkorri-Aratz parke naturalaren Periferiako Babes Zonan kokatzen da, eta Natura 2000 kontserbazio Bereziko Eremu Sarean sartua dago (ES2120002 Aitzkorri-Aratz). Beraz,  Red Natura 2000 babesten duten Eurokako legedia aintzat hartuta proiektu hau ezin da onartu", esan du Zabalak.

Ingurua aldatzen bada Natura 2000 eremu osoa arriskuan jarriko dela adierazi dute, "interes handiko habitatak eta babestutako espezieak". Eta jarraitu du Zabalak: "Sortuko duen hautsak inguruko zelai, akuifero eta babestutako floran izango duen eragin kutsatzailea handia izango da akuifero garrantzitsuak dituen unitate hidrologikoa izanik, egungo ur dinamika guztiz aldatuko du".

Handitze horrek legearen aldetik ere distantzia arauak ez dituela errespetatzen esan dute plataformako kideek. Diote, legearen arabera, harrobiak etxebizitzetatik gutxienez bi kilometrora egon behar direla; Arantzazu bera 1,5 kilometrotara dago eta hainbat baserri 100 eta 400 metro artean. Horrek auzotarren zein ibiltarien segurtasuna arriskuan jartzen duela adierazi dute.

Bukatzeko, handitze horrek izango duen inpaktua handia izango dela esan dute, eta "Arantzazuk dituen balore sinbolikoak bultzatzeko eta bisitariak erakartzeko administrazioek eginiko inbertsioak, guztiz kontrajarriak dira proiektu honen garapenarekin".

Ekimenak

Proiektu honen kontrako helegite bat jarri du Oñatiko Udalak eta beste bat Arantzazu Defenda Dezagun plataformak. Sinadurak batzen ere hasi dira, Jaurlaritzako ingurumen sailera bidaltzeko.

Arantzazu Defenda Dezagun plataforman egun dauden taldeak dira:

  • Arantzazuko auzotarrak
  • Aloña Mendiko mendi saila
  • Eskalatzaile Taldea
  • Aloñako lagunak
  • Oñatiko Gaztetxea
  • Oñatiko Naturzaliak
  • Naturtzaindia Taldea
  • Bergarako Mendia Bizirik-Pol-Pol mendi taldea

Bergarako Mendia Bizirik taldekoak, Eguzki-koak, Elgetako EH Bilduko udal ordezkariak eta beste talde batzuetako kideak ere egon dira gaurko prentsa agerraldian. 70 bat lagun batu dira handitzearen proiektuari ezetz esateko.

 

Erantzunak

Erantzuna | #1

Oñatiko EH Bilduko zinegotzi bat eta alkatea bera ere nik behintzat ikusi ditut. Kazetariak ez?

Erantzuna | #2

Baita EH Bilduko Gipuzkoako Batzarkide bat. Kazetariak ez?

Erantzuna | #3

Ba bai, arrazoia duzu. Oñatiko alkatea eta EH Bilduko zinegotzi bat ere han ziren. Baita EH Bilduko Gipuzkoako batzarkide bat ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa