Ehunka lagun bildu dira Arantzazuko Amaren Eguna ospatzeko

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko ira. 9a, 14:17

Lehendakaria eta beste hainbat agintari ere izan dira Arantzazun. Meza aurretik, Etxerat elkarteak dispertsioaren aurkako elkarretaratzea egin du basilikaren aurrean eta 'dispertsioaren haurrak' txostena eman diote Iñigo Urkullu lehendakariari.

Irailak 9, Arantzazuko Amaren Eguna, jai eguna da aurten Gipuzkoan, eta urtero legez hainbat fededun eta gipuzkoar orokorrean bildu dira Oñatin dagoen basilikan. Euriari aurre eginez, ehunka lagun bildu dira Jose Ignacio Munilla gotzainak zuzendutako mezan parte hartzeko.

Aurten, Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Mikel Biain Oñatiko alkatea ere ospakizunean izan dira, baita Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua eta Jon Darpon Osasun sailburua ere. EH Bilduko Pello Urizar arrasatearra ere bertan izan da eta PPko Gipuzkoako zerrendaburu, Borja Semper. Elena Lete Bergarako alkatea eta Oñatiko beste hainbat zinegotzi ere ekitaldian izan dira. Aintzane Oiarbide Gipuzkoako azpiegitura diputatua ere Arantzazun izan da. Agintariei ohorezko aurreskua egin diete basilikan sartu aurretik.

Arantzazuko basiliko lepo bete da frantzizkotarrek eta Jose Ignacio Munillak eskainitako meza jarraitzeko. Munillak, "gogoan jarri" ditu "hamaika kezka". Horien artean, aipatu ditu "erkidegoko hauteskundeak, Madrilgo gobernuaren osaketa, migrazio-krisi amaigabea, Erdialdeko Ekialdeko nahiz Afrikako gerrak, indarkeria fundamentalista, inguratzen gaituen langabezia tasa handia, duintasuna bermatzen ez duten lanpostuak, ezkontza hausturak, etxeko indarkeria, familien desegituraketa, ekologiaren hondaketa, fribolitatearen eta kontsumokeriaren kultura, suizidioen eta buru nahasmenduaren ugaritzeak".

Etxeraten elkarretaratzea

Azken urteetan gertatu den bezala, Etxerateko hainbat kidek elkarretaratzea egin dute Arantzazun, eta 'Dispertsioaren Haurrak' deituriko txostena eman diote Iñigo Urkullu lehendakariari, meza hasi aurretik. Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senide eta Lagunen Elkarteko bozeramaleak "dispertsioaren aurka zerbait gehiago egin dezakeela" esan dio Urkulluri, eta lehendakariak txostena jaso eta "Etxeratekin elkartu" zela, eta "txostenak eta eskakizunak Madrilera transmititu" dituela erantzun dio.

Gainera, Etxeretako bozeramalea PPko Borja Semperrekin ere izan da "dispertsioarekin bukatzeko eskaria transmititzeko". Semperrek "aurrena ETAren disoluzioan lagundu behar" dutela erantzun dio Etxerateko bozeramaleari. PPko Gipuzkoako zerrendaburuak txostena jaso du, eta irakurriko duela esan die Etxerateko kideei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak