Agintaldi honetako lehen urtean "jarrera eraikitzailea eta elkarlanerako borondatea" izan dutela adierazi du EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko uzt. 11a, 09:05

2015-2019 agintaldiko lehen urtearen balorazioa egin du alderdi jeltzaleak eta adierazi du udal taldeak proposamenak aurkeztu dituela, elkarlanerako prest agertu dela eta neurria jarri diola EH Bilduren jardunari. Dio "jarrera eraikitzailea" izan dutela eta egindako proposamenetako 24 aurrekontuetan jasota daudela.

Agintaldi honetako lehen urteko balorazioa egin du EAJko udal taldeak eta bi puntu azpimarratu gura izan ditu: jarrera eraikitzailea izan dutela eta arduraz jarraitu dutela Udal Gobernuaren jarduna.

Egindako ekarpenen inguruan, bidalitako prentsa oharrean dio EAJk eurek egindako proposamenetako 24 aurrekontuetan onartuak izan direla eta batzuk dagoeneko gauzatu direla. Proposamen hauek azpimarratu ditu alderdi jeltzaleak: "San Martin parkea egokitzea running zirkuitua eta eta haur-jolastokia egiteko, txirrindulariak entrenatzeko indoor sala bat egokitzea eta igerilekua handitzea; gazte-lokalak egokitzeko diru-laguntza partida bat lortzea; erdigunearen eta auzoen arteko mugikortasuna hobetzeko Herribus eta Landabus zerbitzuak (Auzo-taxia) ezartzea eta haurren aisialdirako ur txorroten proiektua gauzatzea. Honetaz gain, kontratazio publikoetan klausula sozialak txertatzea lortu dute jeltzaleek, gizartetik at geratzeko arriskuan daudenen alde. Era berean, Oñatiko emakume aitzindarien biografia garatzeko beka sortzea, euskarri digitalez baliatuta 13 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat irakurketa-taldea antolatzea, Oñati Herri Hezitzailea izan dadin ekintza-plana lantzea (elkarbizitza eta ekintzailetza lantzeko foroak), landa-auzoetan teknologia berriak (IKT) sustatzea eta Oñatiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko ibilbide turistikoak diseinatzea".

Proposamenak egin ez ezik, Udal Gobernuarekin elkarlanean jardun duela ere adierazi du EAJko udal taldeak. "Batzordeetan egin dugun lanarekin ekarpenak egin dizkiogu udal-gobernuaren jardunari. Alde batetik, gugana jo duten oñatiarren kexak edo iradokizunak helarazi dizkiogu eta bestetik, gobernu-taldearen proposamenak aztertu ditugu; hala, Oñatiren aldeko zenbait alternatiba eta iradokizun aurkeztu eta hainbat hobekuntza proposatu dira, oñatiar guztien interesak lehenetsita noski. Horren adibide dira, esate baterako, babespeko etxebizitzen ordenantza, lokal publikoetan Edukieraren Auto Babes Plan eta  aparkalekuen ordenantza".

Oposizioan

EAJko udal taldeak gehitu du "arduraz eta zorroztasunez" jarraitu dutela Udal Gobernuaren jarduna eta "gure eginkizuna da herritarrei jakinaraztea 2016ko aurrekontuek ez dutela bete finantza-egonkortasunaren eta iraunkortasunaren inguruko araudia". Udal Gobernuak herrigunerako pentsatu duen TAO sistemarekin ados ez daudela ere adierazi dute prentsa oharrean.

Herritarren proposamenak batzen jarraituko dutela ere esan dute, "2017ko aurrekontuetan aurkezteko asmoarekin". Horien artean, "kanpoko igerilekua eraikitzeko zein aukera egon daitezkeen ezagutzeko azterketa egitea eta herritarren parte-hartzea bideratzeko ordenantza atontzea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak