Garagardoa eskuan, topa Aloña Mendiren alde bederatzigarrenez

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko uzt. 4a, 20:44
Plaza ondoko jolastokian jarri dute karpa

Eguenean hasi zen Aloña Mendi Kirol Elkarteak antolatu duen bederatzigarren garagardo festa eta lehen bi egunetan jende asko joan da bertara; ukondo mordo bat zerbitzatu dituzte. Edateko, berriz, hamar garagardo aukeran. Bihar gauean itxiko dute plaza ondoko jolastokian jarri duten karpa.

Urtetik urtera igo egin da garagardo azokara eguenetan joaten zen jende kopurua eta aurten sekula baino jende gehiago joan da. "Pintxo-potea bukatu zenean jendea hona etorri zen eta mahaiak bete egin ziren. Egubakoitzean ere jende asko egon zen afaltzen. Aurten tekila usaina duen garagardoa ekarri dugu probatzeko, baina egia esan, ez du arrakasta handirik izan", adierazi du arratsaldean Antton Intzak, Aloña Mendiko presidenteak.

Sukaldea

Aurten sukaldea aldatu egin dute. Berria da eta, bada ezpada, ohi baino egun bat lehenago hasi ziren muntaketa lanak egiten. Bospasei laguneko taldetxoa arduratzen da sukaldeaz eta txanda bakoitzean, Aloña Mendiko dagokion saileko bizpahiru lagun gehitzen zaizkie. "Ondo moldatzen gara horrela. Baita aurten ere. Egubakoitzean saiheskia eskaini genuen, ukondoa, oilaskoa eta saltxitxaz gain. Baina orain arte etorri diren gehienek ukondoa aukeratu dute. Urtean zehar gutxi jaten dutelako-edo, ukondo mordo bat prestatu ditugu. Hemen dugun labean, 100 errazio sartzen dira aldiko, eta egun hauetan birritan bete dugu", adierazi du Rafael Erostegi sukaldariak. Ukondoa, oilaskoa zein saltxitxak, patatekin zerbitzatzen dute.

"Gaur bazkaltzen ere jende asko egon da. Saskibaloi eta gimnasia sailekoak, esaterako, hementxe bazkaldu dute euren senide eta lagunekin. Baita patinatzen ibili diren hainbatek ere. Oso pozik gaude aurtengo emaitzarekin", dio Intzak.

Eskerrak

Garagardo festa antolatzen lagundu dietenei eskerrak eman gura izan dizkie Intzak. "Aloña Mendik antolatzen du, bai, baina beste askok lagunduta. Laguntza eske joan garenean ere denak egongo dira gertu laguntzeko, eta hori asko da. Udala, herriko enpresa zein autonomo. Euren laguntzarik gabe ez zen posible izango. Eskerrik asko, benetan".

Datorren urtean X. aldiz antolatu dute. Berezia izango dela aurreratu dute, eta ideia asko dituztela ere bai.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak