Zozketa eginda erabakiko dute 4ko finala non jokatu

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko mai. 23a, 22:49

Oñatiko Izarraitz-Aloña Mendi eskubaloi taldeak galdu egin du gaurko partidua Tolosan, 24-22. Hala ere, oraindik badaude aukerak 4ko finala Zubikoan jokatzeko, zozketa bidez jakingo baita non izango diren Euskadiko Txapelketara zein bi talde igoko diren erabakiko diren partiduak.

Datorren asteburuan jokatuko dira eskubaloian Euskadiko Txapelketara igotzeko azken partiduak: 4ko finala. Oñatiko Izarraitz-Aloña Mendi taldea joan den astean sailkatu zen final hori jokatzeko eta gaurkoa irabaziz gero finalak non jokatu esateko aukera izango zutela uste zuten. Baina gaur jakin dute hori zozketa bidez erabakiko dela. 4ko finala antolatzeko prest dauden taldeen artean egingo da zozketa. Beraz, gaurko partidua galdu egin duen arren, oraindik badaude aukerak 4ko finala Oñatin jokatzeko.

Rafa Zulueta Izarraitz-Aloña Mendiko entrenatzaileak adierazi duen moduan, 1.500 euroko gastua du 4ko finala antolatzeak. Tolosak eta Aloña Mendik esan dute prest daudela gastu hori egiteko finala antolatzearren. Usurbilek eta Barakaldok gaur gauean eman behar zuten erantzuna, iluntzean jokatu dituzten partiduen ostean.

Indartsu

Eta 4ko finalera indartsu joango da Oñatiko taldea. "Gaur oso partidu ona egin dugu, taldeak oso ondo jokatu du. Gainera, ez da inor zauritu, ez dugu lesiorik izan. Galdu egin dugu partidua, baina ondo jokatu dugu, eta pozik gaude", adierazi du partiduaren amaieran Zuluetak.

Maiatzaren 30ean, zapatua, lehenengoak laugarrenaren kontra jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren kontra. Bi irabazleek elkarren aurka jokatuko dute domekan. Mailaz bi talde igoko dira, azken partidua jokatuko duten biak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak