Bilduk oñatiarrei "iruzur" egin nahi diela esan du EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko uzt. 3a, 12:10

Atez atekoak urtebetean emandako datuekin Bilduk egindako balorazioari erantzun dio EAJk. Jeltzaleek adierazi dute, "Bilduk balantzea egitean hondakinak biltzeko bi sistema desberdinen arteko datuak alderatu dituela, alderagarriak ez direnean".

Horrekin batera, EAJko udal taldeak esan du "Bilduren inposaketaren ondorioz oñatiarrek esfortzu eta sakrifizio handia egin behar izan dutela gaikako bilketaren morroi bilakatu direlako". Oñatiarrek izandako jarrera txalotzen dutela ere esan dute, eta baita bosgarren edukiontzia defendatzen jarraituko dutela.

Eusko Alderdi Jeltzaleak prentsa ohar bidez eman dio erantzuna joan den astean Bilduk atez atekoaren emaitzekin egindako balorazioari. Hala, jeltzaleek diote, Bilduko Udal Gobernuak "garaipenezko balorazioa" egin duela baina hori "gehiengoaren eta bereziki edukiontzi sistemaren alde sinatu zuten  2.416 oñatiarren nahiaren aurka inposatutako sistemaren garaipenezko balorazioa da". EAJ-PNVko udal bozeramaile Lourdes Idoiagak azaldu duenez “Bilduk ez ditu oñatiarrak entzun eta aipatu sinadurak zuzenean zabor ontzira bota zituzten”.

Datuak

Balorazio "baikor eta triunfalista” egiteko alderatu ezin diren datu estatistikoak konparatu dituztela ere adierazi du bozeramile jeltzaleak. "izan ere, hondakin sistema desberdinak ezarrita zeuden epeetako datuak alderatu baitituzte, eta hori informazio gardentasun eta zorroztasunaren aurkakoa da".  Horregatik, jeltzaleek ohartarazi dute Bilduk oñatiarrei iruzur egin nahi diela. "Ezin baitute esan aurretik gaika %24a biltzen zela eta orain %83a aurreko sistemak organiko eta errefusa bananduta sailkatzea ahalbidetzen ez zuelako”, Idoiagak gaineratu duen moduan. Halaber, EAJ-PNVko udal taldeak adierazi du Bilduko udal gobernuak ez duela “hondakin turismoa” delakoa aipatu ere egiten bere balorazio baikorra egiterakoan.

Baina "datu estatistikoetatik haratago", Idoiagak adierazi du garrantzitsuena dela "zein eragin duen Bilduk inposatutako sistemak pertsonengan, aipatu hondakin sistemak oñatiarrak beren kuboen eta gaikako bilketaren morroi bihurtu baititu”. Idoiagak adierazi duenez, "atez ateko sistemak esfortzu eta sakrifizio handia eskatu du oñatiarren aldetik, izan ere, asteko 7 egunak pasa behar dituzte ordutegien, jaitsi beharreko hondakinaren edota kuboen menpe". “Txalotzekoa da oñatiarrek izandako jarrera eta prestutasuna inposatutako sistemaren aurrean, baina inbidiaz  begiratzen dituzte inguruko herriak” gaineratu du Idoiagak.

Bosgarren edukiontzia

Jeltzaleek gaineratu dute Bilduko Udal Gobernuak "bere sistema eta inposaketa legitimatu nahi izan dituela %80 birziklatzea bermatzen duen sistema bakarra dela behin eta berriz esanaz, baina errealitatea erabat bestelakoa da. Legazpiko kasuak, adibidez, agerian utzi du 5. Edukiontziaren bitartez ere kopuru berdina edota gehiago ere birzikla daitekeela eta atez atekoa baino sistema eraginkorragoa dela. Arrasaten, aukerak aztertu eta eztabaidatu ondoren, 5. Edukiontzia ezartzea erabaki dute eta Elgetan Udal Gobernuak herri kontsulta egin eta bizilagunei hitz ematea erabaki du". “Oñatin, berriz, inposaketa nagusitu da eta Bilduk ez dio herriari hitzik eman, jarrera inposatzailea izan dute hasieratik” adierazi du Idoiagak.

Horregatik, EAJ-PNVtik, "orain arte egin dugun modura, "5. edukiontzia defendatzen jarraituko dugu atez atekoa baino eraginkorragoa den sistema delako eta halaber, hondakinen gaikako bilketa defendatuko dugu ingurumenaren zaintzarekin arduratuta gaudelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak