Xabier Infante 'Artza': "Elitean oso garrantzitsua da erretiroa noiz hartu jakitea; Phelps-ek asmatu egin duela uste dut"

Xabier Urtzelai 2012ko ira. 25a, 02:00

Xabier Infantek (Gasteiz, 1956) bizitza osoa darama igerilekuan sartuta. Gaztetan Judizmendiko igerilaria izan zen, eta ondoren entrenatzaile lanetan hasi zen, Gasteizen lehenengo, eta Oñatin gero. Gaztetako kirol curriculum txukuna du, bular estiloan Euskal Herriko txapelduna izan zen eta infantil mailan Espainiako Txapelketan hirugarren sailkatu zen. Orain, berriz, gertutik jarraitzen du gazteek igerilekuan egiten duten lana.

Guraso asko ibiliko dira ikasturte berriaren aurrean seme-alabak nora bideratu erabakitzen. Zergatik aukeratu igeriketa?

Egia esan, Oñatin nahiko lotuta dugu dena. Izugarrizko eskaintza dugu, eta jendearen erantzuna ere halakoxea da, oso positiboa. Eta zergatik aukeratu igeriketa? Bada, oso kirol osatua delako, gorputzeko atal guztiak lantzen direlako, psikomotrizitatea... Abantaila handiak ditu igerilekura etortzeak.

Horrenbestez, Oñatin ez duzue harrobia lantzeko arazorik.

Orain arte ez. 

Beste gauza bat da neska-mutikoak txapelketetan hasten direnean igeriketan jarraitu nahi izatea.

Bada, hor ere ez dugu arazorik, neska-mutiko mordoa ditugulako klubean; oso talde polita dugu. Igerileku oso txikia dugu, hori bai, eta beti egoten da beteta.   

Momentu honetan bailaran txapelketetara joaten den klub bakarra zarete.

Federatu mailan Oñatin bakarrik ditugu igerilariak, bai. Bergaran etenaldi moduko bat izan dute, eta eskola arteko igerilariekin ari dira. 

Zenbat igerilari dituzue txapelketetan esku hartzen?

Euskal Herri mailan 27 igerilari izan ditugu lehian eta beste lau Espainiako Txapelketan izan dira. Guztira, 40 bat federatu ditugu. Eskola mailan, berriz, 90 neska-mutiko izango ditugu.

Espainiako Txapelketan hainbat ordezkari izan dituzue.

Bai, oso urte ona izan dela esango nuke. Jonek [Muxika] aurrerapauso handia egin duela esango nuke. Iaz ondo ibili zen, baina aurten Euskal Herri mailako txapeldun izan da, eta Espainiakoan, Sevillan, bere kategorian bigarren izan zen. Neguko txapelketaz batera udan ere ibili da, eta kalitate aldetik aurrerapausoa egin du. Bestetik, Ane [Sanz de Galdeano] Euskal Herri mailan beti ibili da aurreneko hiru postuetan, eta aurten Espainiako Txapelketan inoizko emaitza onena lortu du, maila absolutuan 25. postua. Hori aintzat hartzeko moduko marka da. 

Gogorra da igeriketa?

Izatez, oso kirol gogorra da, eta ederra. Ikusgarria izaten da lasterketa hasi aurreko unean egoten den tentsioa. Adrenalina eta nerbioak topera egoten dira, nahiz eta munduko onena izan. Duela gutxi Phelps-i entzun nion lasterketa hasi aurreko hamar minutuak oso gogorrak direla. 

Jarraitu dituzu Joko Olinpiarrak?

Bai, noski.

Eta zer iruditu zaizu?

Igeriketan salto kualitatibo handia egon dela, eta ez dira Phelps edo Lochte bakarrik izan. Igerilari mordoa egon da, eta oso-oso onak. Azken urteotan aurrean ibili diren igerilariek baieztatu dute ze maila ona duten. Orokorrean oso maila ona egon da, baita emakumezkoetan ere.

Mireia Belmonte izan da hemen albiste.

Jakinekoa zen Mireia Belmontek oso maila ona duela, baina hitzordu garrantzitsuetan psikologikoki behera egiten zuen eta ez zituen nahi moduko emaitzak lortzen. 400 estilotan makal samar ikusi nuen, eta hori da haren modalitatea, baina gero, 200 metroko tximeleta-proban eta 800 metroko lasterketan izugarrizko lana egin zuen.

Zelako garrantzitsua den entrenatzaile on baten lana... Kasu horretan, batez ere, arlo psikologikoa landu nahi denean.

Inongo duda barik. Mireia Belmonte gazte mailatik hor-hor ibili da, munduko onenen artean. Baina, maila absolutuan daukan maila erakustea falta zitzaion, behera etorrita zegoen, makal samar, eta aurten lortu du. 

Michael Phelps-ek agur esan du.

Niretzako egin zezakeen gauzarik onena egin du. Kirolari profesional batendako oso-oso garrantzitsua da jakitea noiz esan behar duen agur, eta beste lau urtez jarraitzea, psikologikoki, oso gogorra izango zen. 

Batez ere maila horretan...

Noski. Kontua ez da kirola egiten jarraitzea, baina bai maila horretako emaitzak lortzen jarraitzea, eta Phelps-en mailako izarrek halako markak behar dituzte. Erretiroa garaiz hartzea oso garrantzitsua da, garrantzitsuena. Orain arte onena izan da, eta hemendik aurrera ere halaxe jarraituko du.

Badirudi izar berri bat jaio dela Txinan, Ye Shiwen.

Bai eta ez. Haren lasterketak ikusita, crawl estiloan oso ona da, baina gainontzekoetan... Beste igerilari gazte batzuek sorpresa handiagoa eman digute... Bestalde, Txinatik datozen kirolariekin zalantzak izaten ditut...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak