Saskibaloi sailarendako 600 bazkide lortzeko helburuarekin

Mireia Bikuña 2012ko ira. 21a, 09:00

Aloña Mendi saskibaloi sailak bazkide kanpaina berria abiaraziko du gaur. EBA ligan diharduten jokalariak eta entrenatzaileak plazan egongo dira 19:00etan. Zaleek aukera izango dute taldeko aurpegi berriak ezagutzeko  eta bazkide txartela egiteko.  "Zubikoako harmailak bete gura ditugu iazko moduan. Bazkideen ekarpena ezinbestekoa izan zen", diote saskibaloikoek.

Ekitaldia herriko plazan egingo dute. Mahaiaren bueltan saskibaloi saileko presidente Jose Luis Campo, zuzendari tekniko Gorka Judez, Eneko Blanco entrenatzailea eta fitxaketak egongo dira: Xabier osa, Josean Cavada eta Xabier Odriozola. Musikaren laguntzarekin, jokalariak aurkeztuko dituzte.

Gainera, bazkide kanpainaren nondik norakoak azalduko dituzte: bazkide egiteko lekuak, abantailak, prezioak... Dena den, plazan bertan bazkide txartela tramitatzeko mahaia egongo da. "Txartel berriak egingo ditugu. Iazko txartel gorriek ez dute balio. Denboraldi berria, txartel berria", esan digute saskibaloi sailekoek.Bazkide txartela egiten dutenen artean sariak banatuko dituzte Natra-Oñatik etxean jokatzen duenean.

Euskal Kopa aste bukaeran

Bestalde, bazkide kanpainaz gain, taldea jokoan ikusteko aukera izango dute zaleek aste bukaeran. Izan ere, Euskal Kopa jokatuko dute, zapatuan eta domekan.

Zapatuan EBA ligan diharduen EHU taldearen kontra lehiatuko dira Eneko Blancoren mutilak, eta domekan, 12:00etan,Zubikoan, LEB mailan –EBA maila baino bat goragokoa dena– jokatzen duen Araberriren kontra. Horiek biak dira denboraldiko lehen partidu ofizialak. Hori horrela, saskibaloi sailekoek dei berezia egin gura diete zaleei Zubikoako kantxara joateko. "Taldea zuzenean ezagutzeko aukera izango dute. Jokalari berriek non jokatzen duten. Sarrera doakoa izango da, eta zale guztiak gonbidatu gura ditugu", diote.

EBA liga urriaren 27an hasiko da. Natra-Oñatik Zubikoan jokatuko du Easo Pastas Arruabarrena taldearen kontra. A multzoan 12 talde daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak