Eneko Blanco: "Partidu guztietan azken minutura arte lehiakorrak izaten ahalegindu behar gara"

Mireia Bikuña 2012ko ira. 4a, 02:00

Nahiz eta ligan kategoria galdu, Natra Oñati saskibaloi taldeak EBAn jokatuko du aurten ere, beste talde batzuek utzitako hutsunea aprobetxatzea erabakita. Horretarako, kluba taldea indartzeko ahaleginetan dabil azken hilabetean eta fitxaketa garrantzitsuetako bat etxean bertan egin dute, orain arte jokalari izan den Eneko Blanco izango delako entrenatzaile berria.

Hamasei urte jokalari moduan egon ostean, entrenatzaile postura egingo duzu salto. Azken urteotan gutxi jokatu izanak izan du eraginik erabakia hartzeko?

Egia esan azken lau urteotan gutxi jokatu dut, eta eskaintza jasotzerakoan baloratu dut gehiago nahi nuela entrenatzaile moduan jardun, beste urtebete gutxi jokatzen ibili baino.

Entrenatzaile lana ez da berria zuretako.

Hamasei urte horietan urtebetez ez genuen senior mailako talderik izan, eta hor gazte mailako taldea entrenatzen hasi nintzen. Eta ordutik hona entrenatzaile eta jokalari lanak bateratu izan ditut. Kadeteak, gazteak, seniorreko bigarren taldea, bere garaian neskak... Uste dut kategoria guztiak pasa ditudala. 

Edarra datorkizu orain...

Bai, hau beste maila bat da. Hemen ez da horren garrantzitsua entrenatzaile titulua izatea edo ez. Saskibaloiaren gaineko ezagupenetan ez dut uste hankamotz nagoenik. Urte horiek guztiak jokalari moduan, beste 8-10 urte entrenatzaile izanda, saskibaloi partidu mordoa ikusita, kirol honen gainean asko irakurrita... Horrek ez nau horrenbeste arduratzen. Nire erronka gehiago izango da talde hau kudeatzen jakitea, izan ere, iaz izan genuena baino talde osoagoa sortzen ari gara.  

Aurten oilar gehiago izango da taldean.

Bai, hala da. Iaz, esaterako, taldeko jokalari batzuk oso barneratuta geneukan gure rola zein zen. Bagenekien oso minutu gutxi izango genituela, eta horiek aprobetxatzen saiatzen ginen. Aurten, baina, jokalari gehiago daude guk iaz jokatu genuena baino gehiago jokatzeko esperantzaz, eta hori betetzen ez denean arazoak sortzen dira, arazoak baino ezinegona. Azken batean, aurten kalitate handiagoa dago taldean, eta batzuk onartu egin beharko dute 30 minutu jokatu beharrean 20 jokatuko dituztela. Zorionez, jokalariak eurak ere helduak dira horretaz jabetzeko. 

Aldaketa handiak aurreikusten dira taldean?

Beno... Iaz, esaterako, entrenatzaileak garbi zuen momentu delikatuetan ze bost jokalarik egon behar zuten kantxan, eta aurten aukera handiagoa izango dut bosteko hori aukeratzeko. Ez dut bosteko finko bat izango, badakit 8-9 jokalari izango ditudala momentu bakoitzean aukeratzeko moduan. Eta, aste barruko lana ere asko baloratuko dut. Akaso, aurreko urteotan aste barruko lana ez zen horrenbeste baloratzen, baina hori ere normala zen, jokalarien artean alde handia zegoelako kalitate aldetik. Aurten momentuaren arabera, kontrarioaren jokoaren arabera... baldintza asko daude batzuen ala besteen aldeko hautua egiteko. 

Zertan da taldea hobea? 

Iaz liga hasi genuenetik liga amaitu genuenera hainbat aldaketa izan ziren, eta esaterako, Ander Gartziaren eta Imanol Zeziagaren etorrerak on egin zigun. Ligako azken partiduak talde indartsuenen kontra izan genituen, eta kategoria galdu bagenuen ere neurria eman genuen. Mallabi aurten ez dago taldean, eta ikusteko dago Iñigo Biainek zer erabakitzen duen. Eta, iazko oinarriaz batera oso maila oneko hiru jokalari etorri dira taldera. Horregatik diot iazkoa baino talde hobea dugula. 

Non izango zarete indartsuak?

Barruko jokoan ondo ibil gaitezke. Asier [De la Iglesia] izanda batetik, 

Iaz baino talde profesionalagoa izango duzuela esan genezake?

Beno, ez dakit horrela esango nukeen. Garbi dagoena da EBAn jokatzeko herriko jokalariekin bakarrik ez dagoela nahikoa maila, eta taldea iaz baino gehiago indartu behar zela. Kanpotik jendea ekartzeak, kasu batzuetan, ez guztietan, kostu ekonomikoa suposatzen du. Baina, behin zuzendaritzak EBAren aldeko apustua eginda garbi zegoen hau zela jarraitu beharreko bidea. Hori bai, garbi nuen taldean lauzpabost oñatiar egon behar zirela.

Helburuen gainean galdetzeko goiz izan badaiteke ere, zer duzu buruan?

Iazko azken partiduetan maila polita erakutsi genuen, eta aurten ere horretan ahalegindu behar gara. Lehiakorrak izatea partidu guztietan, itxura ona ematea eta azken minutuetara arte garaipenengatik borrokatu ahal izatea. Uste dut kategoriari eusteko borroka egin behar dugula, erdialdean egon gaitezkeela. Hori bai, goian egoteko moduko taldea dugula uste duenik ere bada; ikusiko da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak