Mugikortasun eta garraio kontuak eroan dituzte osoko bilkuren aretora Oñatiko neska-mutikoek

Txomin Madina Milikua 2012ko mai. 23a, 18:32

Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoa herriko neska-mutikoz bete da gaur goizean, han egin dute-eta Eskola Agenda 21 programaren barruan aurten landu dutenaren aurkezpena. Mugikortasuna eta garraioa izan da landutako gaia, eta egindako azterketak, hausnarketak eta proposamenak aurkeztu dizkiete Udaleko hainbat zinegotzi eta teknikariri.

Herriko eskola guztietako 1.506 ikasle aritu dira aurtengo ikasturtean Eskola Agenda 21 programaren barruan mugikortasunaren eta garraioaren gaia lantzen. Horien ordezkaritza zabal bat udaletxean egon da goizean udaleko zinegotzi eta teknikariekin bildu eta atera dituzten ondorio eta proposamenak aurkezteko.

Ikasleen proposamenak

Ondorio eta proposamen horietara heltzeko baina, herri mailako diagnostikoa egin dute. Hainbat izan dira diagnostikoa egiteko modua, besteak beste, inkestak eta behaketak. Ateratako ondorioak elkartu eta proposamenak adosteko, maiatzaren 9an herriko eskola guztietako ordezkariak bilera egin zuten eta hainbat konpromiso hartu zituzten. Besteak beste, konpromiso horiek izan ziren ahal den neurrian eskolara oinez, bizikletaz edo patinetez joatea; bizikletak egoki mantendu eta leku egokian aparkatzea; eta oinez doazenean, bidegoria barik, espaloitik joatea.

Udaleko ordezkariei ere hainbat proposamen zuzendu dizkiete, espazio publikoaren egoerari, garraio publikoari, bidegorri eta bizikletei edo zaratei lotutakoak esaterako.

Udalak martxan jarritako ekimenak

Leire Egaña zinegotzi eta ingurumen batzordeko buruak erantzun die ikasleen eskari eta proposamenei. Egañak adierazi du horrelako ekimenak baliagarriak direla gaztetxoak kontzientziatzeko, eta hauek egindako proposamenen garrantzia ere azpimarratu du. Leire Egañaren esanetan gainera, udala dagoeneko badabil gaur entzun diren hainbat proposamenen inguruan lanean. Hala, iragarri du san Miguel jaien ostean plazako aparkalekua kendu eta jolastokia jarriko dutela. Herri osorako autobus linea bat ezartzea aztertzen dabiltzala ere esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak