Julian Zelaia omenduko dute bilobek gaur, zapatua

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko mai. 18a, 13:32

"Familiako bazkari batean sortu zitzaigun ideia. Konturatu ginen senide asko ginela musikariak eta gure aitarengandik, aitajaunarengandik, jaso genuela zaletasun hori. Eta erabaki genuen omenaldia egitea. Bilobek aitajaunari egingo dioten omenaldia izango da", dio Juan Carlos Zelaiak, Julian Zelaia zenaren semeak.

Organo jotzailea 

Oñatiko organo jotzailea izan zen  30 urtez Julian Zelaia. Mezak, hiletak, bederatziurrenak… parrokiako elizkizun guztietan jotzen zuen organoa, eta, horrez gain, 50eko hamarkadan batez ere, Eskola-Cantorum abesbatza zuzendu zuen. Musikari lotuta zegoen erabat bere bizitza. Oñatin jaio zen 1916. urtean eta 70ean hil, hiruzpalau hilabete gaixorik egon ostean; 53 urte besterik ez zuen. Gaztetan Oñatiko agustindarretan egin zituen ikasketak, eta, musika zaletasunak bultzatuta, piano karrera egin zuen Burgosen, Julian Sagasta ikaskide zuela. Oñatira itzulita, Asuncion Mendizabalekin ezkondu eta bederatzi seme-alaba izan zituen.

Artxibatzaile moduan egin zuen lan Julian Zelaiak Unibertsitate Zaharreko Protokolo artxibategian, eta musikaren historiari buruz gehiago jakiteko lagundu zion lanbide horrek. "Artxiboan dokumentu asko topatu zituen euskal musikaren historiari lotuta", kontatu du Fernando Zelaia semeak. Esaterako, Julian Zelaiak transkribatu zuen 1677an idatzitako Arrasateko organoari buruzko kontratua, gerora Aita Madinak publikatuko zuena. Harrezkero, Aita Madinak hainbat eskari egin zizkion musikaren historiaren inguruan eta zoriondu ere egin zuen Oñatiko musikari buruz idazteagatik.  

Ruper eta Chopin 

Julian Zelaiaren omenezko ekitaldia bihar egingo dute, 19:00etan, Santa Anan. Bete egingo da, gonbidapenak banatu ditu-eta familiak. Pianoa, gitarra, biolina eta klarinetea joko dute, besteak beste, bilobek, eta Juan Karlos semeak baita organoa ere. "Aitak erakutsita ikasi nuen nik, baina ez dut hark beste jo. Nire semeak ere badaki jotzen, baina biolina aukeratu du hark". Batera nahiz bakarka joko dute bilobek, eta  joko dituzten piezen artean Chopin, Massenet eta Paganiniren obrak izango dira, eta baita Paulo Sarasate euskaldunaren eta Ruper Ordorika herritarraren abestiak ere. Julian Zelaiaren senide musikariez gain, parrokiako koruak eta Oñatz dantza taldeak ere hartuko dute parte omenaldian. "Corpus jaiak gertutik bizi izan zituen gure aitak, urtero irteten den prozesioan, eta hango dantzak egingo ditu Oñatzek. Parrokiako organo jotzailea zen, eta hango koruak abestu egingo du ", zehaztu du Fernando Zelaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak