Julian Zelaia organo jotzailea omenduko dute zapatuan

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mai. 16a, 18:50

Zapatu iluntzean bete egingo da Oñatiko Santa Ana aretoa, Julian Zelaia zenari senitartekoek eskainiko dioten omenaldian. Musikarekin zerikusia duten osagaiez betetako omenaldi-kontzertua izango da, organo jotzaile ezaguna izandakoak nahiko lukeen moduan.

Julian Zelaia oñatiar musikari eta, batez ere, organo jotzaile trebe moduan izan zen ezaguna. Oñatin jaio zen 1916. urtean eta 70ean hil, hiruzpalau hilabete gaixorik eman eta gero; 53 urte besterik ez zituen.

Gazte aroan, Oñatiko agustinoetan burutu zituen ikasketak eta, musika zaletasunak bultzatuta, piano karrera egin zuen Burgosen, Julian Sagasta ikaskide zuela. Oñatira itzulita, Asuncion Mendizabalekin ezkondu eta bederatzi seme-alaba izan zituen.

Artxibatzaile moduan egin zuen lan Unibertsitate zaharreko Protokolo artxibategian eta, lan horrekin batera, bokaziozkoa zuena ere egiten zuen: parrokiko organo jotzailea izan zen 30 urtez. Mezak, hiletak, bederatziurrenak… parrokiko elizkizun denetan jotzen zuen organoa eta, horrez gain, 50eko hamarkadan batez ere, Eskola-Cantorum abesbatza ere zuzendu zuen. Bere hizkera musika izan zen.

Musikarako zaletasun handia duen familia

Bere ondorengoen artean askok dute musikarekiko zaletasuna eta, hori aprobetxatuz, omenaldia egitea erabaki dute senitartekoek eurek. Gitarra, pianoa, klarinetea eta biolina joko dituzte bilobek, denek batera nahiz bakarka. Joko dituzten piezen artean Chopin, Massenet edota Paganiniren obrak izango dira eta baita Paulo Sarasate euskaldunaren edota Ruper Ordorika herritarraren abestiak ere. Parrokiko koruak eta organoak lagunduta, Aita Madinaren Aita Gurea ere ez da faltako. Juan Karlos semeak egingo ditu organo jotzaile lanak.

Zapatuan izango da omenaldia, 19:00etan, Oñatiko Santa Ana aretoan. 270 lagunek gozatu ahalko dute kontzertu berezi horretaz; gonbidapenak agortuta daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak