Larraitz Ugarte: "Gaur egungo Gipuzkoaren iritzi ofiziala Zubietako errauskailuaren aurkakoa da"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko aza. 12a, 01:00

Aurrekontuen, zaborren kudeaketaren, krisiaren, errepideen eta bidegorrien gainean dihardu Larraitz Ugartek, foru gobernuko bozeramaileak. Deskargan bidesaria jarriko dutela ziurtatu du.

Batzar irekiak egiten hasi zarete Foru Aldundiak datorren urterako prest duen aurrekontuaren berri emateko. Zein da helburua?
Kontuak garbi, Gipuzkoa berri baterantz da kanpainaren leloa. Orain arte barruko ariketa egin dugu aurrekontua lantzen. Krisi denboran aurrekontuak osatzea ariketa zaila da, eta are zailagoa jaso dugun herentziarekin. Ez dugu aukerarik izan aurrekontuak guk nahi besteko parte-hartzaileak izateko, epeak oso zorrotzak izan direlako. Baina behin aurrekontu proiektua eginda, eragileei eta herritarrei zuzenean aurkeztu nahi dizkiegu. Arrasaten hilaren 16an, eguaztenean, egongo gara, Kulturaten. Orain arte egin ditugun batzar irekiak oso arrakastatsuak izan dira.

Zenbatekoa izango da 2012ko aurrekontua?
Aurreko urtekoa baino murritzagoa. Aurreko foru gobernuak bazuen diru hondar bat, 400 milioi euro, urte oparoengatik sortua, eta baita zorpetze bat, azken hori 200 bat milioi eurokoa. Gaur egun ez dago diru hondar hori eta Diputazioaren zorpetze maila ia 600 milioi euro da. Horrek esan nahi du gastatu direla 700 milioi euro gehiago gastatu behar zirenak baino. Egoera honetan, edo gehiago zorpetzen gara edo gerrikoa estutu eta austeritate politika ezartzen dugu. Azken hori aukeratu dugu, bestela Greziaren eredura gindoazen-eta. Kontuan izan behar da, gainera, diru sarrerak txikitu egin direla, nabarmen, krisiagatik. Arduratsu jokatzeko unea da. 740 milioi euro inguru izango da aurrekontua.

Zeri lehentasuna?
Politika sozialak indartuko ditugu, bereziki, krisi egoera honetan, eta dependentzia sozialaren legea dela-eta eskuduntza asko dituelako Diputazioak… Behar handiak ditugu arlo sozialean. Ehunekotan, politika sozialetan, igoera egon da; gainerako partidetan, murrizketa.

Gaur egungo krisi egoerari aurre egiteko ze neurri proposatzen duzue aurrekontuetan?
Gastuari eustea da aurrekontuak osatzeko irizpide nagusia, baina baita zerga politika aldatzea ere, sarrerak handitzeko. Progresiboki diru sarrerak handitu egin behar dira, eta, horretarako, aldatu beharra dago zerga politika, errenta ahalmen handiena dutenek gehiago ordain dezaten. Gehiago daukanari, aberatsenari, gehiago eskatuko zaio. Esaterako, ondarearen gaineko zerga berrezarriko da.

Gipuzkoa Aurrera, aurreko foru gobernuaren apustu nagusietakoa, bukatu egingo da. Zergatik?
Uste dugu hori ez dela eredua: beti betikoei laguntzea, trukean ezer eskatu barik, ezelako kontrol barik, ikusi barik benetako emaitzak zeintzuk diren. Uste dugu beste politika batzuk bultzatu behar direla eta eragile guztiekin, enpresaburu, sindikatu… guztiekin adostu behar direla politika horiek. Gutxi batzuendako laguntzak banatzearekin ez gaude ados.

Zeinekin adostu nahiko zenukete foru aurrekontua?
Unea da erantzukizunez jokatzeko. Une honetan ez daukagu ezkontiderik eta indar politiko guztiei aurkeztu dizkiegu aurrekontuak. Ea lortzen dugun kontsentsua. Hastapenetan gaude. Abenduaren 23ra arte dugu astia, orduan baita azkeneko osokoa. Esan behar dut guretako ez direla aurrekontu idealak, egoera ekonomikoa bestelakoa izango balitz osatuko genituzkeenak.

Zerga politika aldatzea da zuen apustuetako bat, eta horretan badirudi sozialistekin sintonia onean zaudetela, ezta?
Bai, adostasuna daukagu zergen gehikortasunaren inguruan. Gure aurreikuspena da zerga politikak aldatuta 55 milioi euro gehiago batuko ditugula.

Zaborren kudeaketarako beste eredu bat proposatzen du Bilduk. Zer egin nahi duzue?
Bildu da orain gehiengo Zaborren Partzuergoan eta hari dagokio zaborrak kudeatzea. Gu ez gaude bosgarren edukiontziaren alde, guk atez atekoa bultzatu nahi dugu eta hor ditugu Antzuolako datuak, ikusgarriak, non 6 hilabetetan zaborraren %92 birziklatzea lortu den. Ahalik eta gehien birziklatu behar da eta hondakinak tratatzeko beste aukera batzuk aztertu; biometanizatzea, esaterako. Eta geratzen den hondar huskeriarendako, beste aukera batzuk planteatu, ez errauskailua, hura eraikiz gero jaten eman beharko geniokeelako eta birziklatzeko ahalegin gutxiago egingo genukeelako. Egungo iritzi ofiziala errauskailuaren aurkakoa da.

Ze proposatzen duzue birziklatzen ez den hondarrarendako?
Aukera ezberdinak daude: hondakindegi edo errauskailu planta txikiak, esaterako. Argi dagoena da zaborren kudeaketarako orain arte planteatzen zen zaborren kudeaketa ez dela gure lurraldeak behar duena eta beste interes batzuei erantzuten diela. Gainera, osasunaz ari gara. Zubietako errauskailua erabat toxikoa da.

Errauskailu txikiak irtenbidea?
Ikusi behar. Oraingoz, luzamendu edo atzerapen bat planteatzen dugu. Ahalik eta gehien birziklatzeko politikak bultzatu gura ditugu, eta, ostean, ikusi sortzen den hondar kopuruarendako sistemarik egokiena zein den.

Errepideei dagokienez, hainbat proiektu atzeratzea erabaki duzue. Zergatik?
Aurreko foru gobernuak hitz emanda zituen 750 milioi euroko obrak. Zorakeria, astakeria hutsa! Aurtengo aurrekontu osoa bestekoa. Uste dugu gaur egun ditugun errepideekin garapena ziurtatuta dagoela. Esaterako, Zarauzko saihesbidea planteatzen zuen aurreko foru gobernuak. 40 milioi euro, autobidearen ondoan.

Atzeratuko direnen artean, Elgetako saihesbidea?
Bai, une honetan eta gauden egoeran, hori ez da lehentasuna guretako. 11 milioi euroko inbertsioa eskatzen du horrek.

Beasain-Durango ardatzeko Gipuzkoako zatia amaituko duzue?
Bai, lehentasunezkoa da. Hiru zati geratzen dira. Urretxurainokoa ia amaituta dago. Datorren urteko Aste Santurako amaitu nahi dugu. Bigarren tramua, Urretxutik Antzuolarainokoa, hasita dago eta 30 hilabete dituzte amaitzeko. Deskargako tunela dago tarte horretan. Bidegiren ardurakoak dira bi zati horiek. Gero, azkenekoa, Antzuolatik Bergararainokoa, Foru Aldundiak egin behar du eta urtebeteko atzerapena izango du. Edozelan ere, 2015erako Antzuolaraino helduko da errepidea.

Bergararaino?
2013an hasten bagara, espero dugu 2016rako Bergarara heltzea. 70 milioi euroko kostua izango du azkeneko tarte honek.

Eta Deskargan bidesaria?
Bai; finantza plan bat zehaztuta dauka Bidegik, aurreko agintalditik, eta, bankuekin hartutako konpromisoei erantzun behar diegunez, ezinbestean, ordaindu egin beharko da hemendik Beasainera autobidez joatearren.

Etxegaraten?
Hor ez dugu bidesaririk jarriko. Etxegaraten bidesaria jartzeak 53 milioi euroko kostua dauka, pare bat bihurgune kentzeko eta ordainlekuarendako tokia egiteko. Bestetik, Etxegarate eta AP-1  autobideari alternatibarik badago: Andoaindik Nafarroarainokoa, N-121. Doakoa. Etxegaraten bidesaria ezartzeak ez liguke ziurtatuko zirkulazioa AP-8 eta AP-1era bideratzea.

Bultzada emango diozue bidegorri sareari ala krisiagatik geldialdia izango du?
Bidegorriak lehentasun dira mugikortasun ikuspegitik, eta gutxiago aisialdi gisa. Oraintsu onartu dugu Lurraldeko Plan Sektoriala eta Batzar Nagusietan aztertuko dugu aurki. Estrategikoa da eta diruaren arabera joango gara plana garatzen agintaldi honetan, nahiz eta osorik egitea ezinezkoa izango den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak