Aitor Burcio: "Jokalariek burua hotz mantentzen ikasi dute; hori da gure ezaugarrietako bat"

Mireia Bikuña 2011ko ots. 22a, 01:00

Gipuzkoako Bigarren Territorialean jokatzen du Aloña Mendi eskubaloi saileko senior mailako taldeak. Denboraldi bikaina egiten dihardute, eta, oraingoz, lehia bakarra galdu dute. Aitor Burcio (Oñati, 1985) da entrenatzailea, eta taldearen ezaugarri nagusiak azpimarratu dizkigu.

Sailkapeneko lehenengo tokian zaudete, partidu bakarra galduta.
Egia esan, oso ondo gabiltza. Iaz maila galdu genuen eta urte hasieran ez genituen helburu zehatzak planteatu. Niretzako lehen urtea zen entrenatzaile modura, eta ez nuen helburu potolorik markatu gura. Gure asmoa zen partiduz partidu joatea, eta horrela egin dugu. Baina oraingoz, behintzat, mailako talde indartsuena garela erakutsi dugu eta oso pozik gaude. Taldeak lan ona egiten dihardu.


Taldearen bilakaera ikusita, ze helburu dituzue egun?
Nahiko genuke, eta oraingoz bide onetik goaz, Lehenengo Territorialera igo. Hau da, iaz galdutako maila berreskuratu. Gipuzkoako ligarik indartsuena da, eta guretzako lekua badagoela uste dut. Eta gehiago esango nuke, jokalariek egun duten jarrerarekin segitzen badute, ez dugu arazorik izango Lehen Territorialari eusteko. Bigarren Territoriala senior taldeendako mailarik baxuena da.


Taldea asko aldatu da iaztik hona?
Jokalariak banaka-banaka hartuta ez, iazko berberak dira; baina iaz taldeak partidu batzuetan itxura negargarria eman zuen. Partiduetan asko berotzen ginen. Horretan, behintzat, asko hobetu dugu.
Taldearen ardura hartuko nuen galdetzera etorri zirenean, argi eta garbi esan nien zein zen nire jokabidea: diziplina eta konpromisoa. Hori horrela, abuztuan jokalariekin berba egin nuenean esan nien talde bat ginela eta konpromisoa behar nuela euren aldetik, eta hori emateko gertu ez zeuden jokalarien beharrik ez nuela.
Oraingoz, erakutsi didate konprometituta daudela, eta asko eskertzen diet. Jarrerak horrek taldearen itxura erabat aldatu du. Kontu egin behar dugu senior mailako taldea izanik harrobiko taldearendako ispilua garela, eta kantxan erakusten dugun jarrerarekin geratzen dira zaleak.


Zeintzuk dira taldearen ezaugarri nagusiak?
Jokalariek burua hotz mantentzen ikasi dute, ez dira berotzen. Hori da gure ezaugarri nagusia. Gainera, jokalariek maila ona dute; adibidez, atezain oso onak ditugu. Buru hotzarekin errazagoa da konpromisoei aurre egitea.


Iaz jokalari izan zinen eta aurten entrenatzaile. Zer nahiago?
Eskubaloiko jokalari izan naiz txikitatik, eta iaz, egun nire aginduetara dauden jokalarien taldekide izan nintzen.
Jokalari eta entrenatzaile paperen artean aukeratzekotan, zalantza asko izango nituzke. Denboraldi hasieran oso gaizki pasa nuen aulkian. Jokalari harrak ez zidan bakean uzten, eta askotan gogoa izan zuen kamiseta jantzi eta kantxara irteteko. Dena den, ezberdintasun asko daude entrenatzaile eta jokalari lanen artean. Entrenatzaileak egin behar duena da partiduaren ikuspegi orokorra izan eta jokalariei transmititu. Jokalariek entrenatzailearen aginduak betetzen dituzte. Pentsaera aldatu beharra daukagu. Dena den, ohitu egin naiz eta gustura nago.


Oñatiarra zara, baina Gasteizen egiten duzu lan. Nola antolatzen duzu aste barruko lana?
Martitzenetan eta egubakoitzetan entrenatzen gara. Taldearen ardura hartu nuenean garbi utzi nien zuzendaritza batzordekoei Gasteizen egiten nuela lan, gimnasio baten, eta martitzenetako entrenamenduetara ezingo nintzela heldu. Nire konpromisoa zen egubakoitzetako entrenamenduak eta partiduak zuzentzea. Eurek onartu egin zuten. Hori horrela, jokalariak prest agertu ziren martitzenetako entrenamenduaren ardura hartzeko. Astelehenetan, asterako plangintza bidaltzen diet: egin beharreko ariketak eta asterako ditudan helburuak. Eguaztenetan telefonoz egiten dut berba eurekin entrenamenduaren nondik norakoak jakiteko.
Horretan ere eskerrak eman behar dizkiet jokalariei ematen didaten laguntzarengatik.
Senior mailako bi taldeek –mutilak eta neskak– lan ona egiten diharduzue, baina baita infantil mailako taldeak ere.

Oñatiko eskubaloia osasuntsu dagoela esango zenuke?
Hasi gara apurka-apurka gora begira. Urte oso onak bizi izan genituen, bai elkarteak eta baita zaleek ere, senior mailako taldea Lehen Nazional mailan egon zenean. Haren atzetik, urte eskasak izan genituen. Senior mailako taldea gainbehera etorri zen.Orain, baina, egoera hobean gaudela esango nuke, Bigarren Territorialean jokatu arren. Harrobiko taldeek ere lan ona egiten dihardute. Infantil mailakoa, esaterako, oso indartsu dabil.
Azken finean, senior mailetako taldeak elikatzeko, harrobiko jokalariak behar ditugu, eta lasaitasunez baina irmotasunez egin behar dugu lan eurekin.


Lehenengo Nazional maila oso urruti ikusten duzu?
Oraingoz, bai. Oso zaila da orduko taldearen antzerako bat osatzea. Belaunaldi berean jokalari oso onak elkartu ziren, eta, beteranoen laguntzarekin, talde indartsua osatu zuten. Punta-puntako eskubaloiaz gozatzeko aukera eman ziguten.
Dena den, taldea desagertu zenean, harrobiarekin ahaztu egin ginen. Hori izan zen akatsik handiena.


Orain, baina, saskibaloiak dauka indarra herrian.
Bai, hala da. Baina saskibaloikoak dauden lekuan egoteko egindako bidea ez da egun batetik bestera egiten. Urte askotako lanaren ondorio da. Guk ere bide beretik jarraitu behar dugu, eta emaitzak etorriko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak