Zubietako erraustegiarendako alternatibak aldarrikatu dituzte Oñatin

Mirian Biteri 2011ko ots. 20a, 15:01

Sortu berri den Oñati Zero Zabor Plataformak elkarretaratzea egin zuen zapatu eguerdian, La Caixa banku parean. Esandako banku eta Banestoren aurka Gipuzkoako Errausketaren aurkako Plataformen koordinadorak antolatu duen salaketa kanpaina salatzeko deialdiarekin bat egin zuen horrela.

Banku horiek Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarekin Zubietako erraustegia eraikitzeko finantziazioa negoziatzen dabiltza; hain justu ere, 60 milioi inguru. 

Taldearen izenean, Haizea Agirrek hondakinen kudeaketarako alternatibak eskatu zituen. Haren esanetan, "birziklapen tasa igotze aldera, atez atekoa ikusten dugu alternatiba moduan. Gainera, tasa hori igota erraustegiaren beharra saihestuko litzateke".

Alternatibak aldarrikatzeaz eta egubakoitzean errauste planta eraikitzeko onartutako esleipena salatzeaz gain, La Caixa eta Banestoren jarrerarekin duten desadostasuna azaldu nahi izan zuten elkarretaratzean parte hartu zuten 20 lagunetik gorakoek. Errausketarik ez, ez Zubietan ez inon, Gure osasuna eta planetarena ez daude salgai eta Alternatiba martxan orain, atez ateko bilketa Gipuzkoa osoan bezalako leloak zituzten horietako hainbatek esku artean.

Etekin ekonomikoak aurretik

Oñati Zero Zabor Plataformaren arabera, "Banestok eta La Caixak lehentasun osoa ematen diete etekin ekonomikoei, nahiz eta garbi egon erraustegiak inguru zabal bateko biztanleen osasunaren gainean eragin negatiboa izan dezakeela, besteak beste". Haren esanetan, "hauxe da honelako gizarte kapitalistaren funtzionatzeko modua, eredu gorena Banesto bezalako bankuak eta enpresa handiak direlarik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak