Amaia Diaz de Monasterioguren: "Animalia bakoitzak sortzen duen esnea bere umearendako da egokia"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ots. 15a, 16:42

Alfa etxetresna elektrikoen etxearekin eta Imaginarium haurrendako dendarekin elkarlanean atera du Monasteriogurenek Mi bebé come sano liburua. Haurrari jaten eman nola erakutsi azalduko digu.

Gomendioa da sei hilabetera arte bularra ematea.
0-6 hilabete artean, hesteak eta giltzurrunak oraindik heldu barik dituzte; hortaz, gure esnea ideala da. Egunean zehar, koipe kantitate ezberdinak ditu esneak, gauean egunean zehar baino gehiago; substantzia bioaktibo mordoa ditu, gorputza babesteko balio dutenak, eta proteinak ere baditu. Animalia bakoitzak sortzen duen esnea bere umearendako da egokiena. Amaren esnea berezia da. Bestalde, alde emozionala dago: umeak ematen dizuna eta zuk ematen diozuna. Esnea beti daukagu epel eta gura dugun momentuan. Hortaz, bularra eman behar da, lasai eta konplexu barik. Ahal denean, behintzat. Izan ere. ume batzuek ez dute pisua ondo irabazten, edo amak lanera joan behar du… ume bakoitza mundu bat da eta horregatik ez gara tragiko jarri behar. 4-6 hilabete bitarte horretan beste produktu batzuk sar daitezke.

Ondoren, fruta eta zerealekin hasiko gara. Liburuan hainbat errezeta ematen dituzu, aldaketa samurragoa izan dadin.
Behin sei hilabeteren ondoren frutak eta zerealak sartzen hasiko gara. Lortu behar dugu zerbait gozoa eta epela izatea (amaren esnea bezala). Hortaz, errezeta batzuk gomendatzen ditut. Adibidez, sagar eta madari konpota bat amaren esnearekin nahastua. Digestiorako samurragoa izango da, eta egosi ondoren fruktosa horrek indar handiagoa hartzen du.
Kantitate txikiekin hasiko gara, umeak jakin dezan zer den fruta, baina estutu barik.
Garaiaren arabera konbinazio ezberdinak egin daitezke. Baina ez dugu beti esaten diguten batidoa egingo: laranja-zukua, sagarra eta platanoa. Hori uda partean ondo egongo litzateke, baina negu latzean bularretik laranja-zukura pasatzea latza da.

Zazpi hilabeterekin barazkiekin hasiko gara. Horiek dira zailenak?
Bai, barazkiak eta arraina dira zailenak. Kontuan hartu behar da frutak gozoak direla eta barazkiak ez. Betiko porru-patatekin hasi beharrean nik gomendatzen dut kalabaza-kremarekin hastea; kalabaza eta patatak, adibidez. Barazkietan laranja kolorearekin hastea gomendatzen dut, jateko gogoa ematen du-eta.

Umeak emandakoa jaten ez duenean zer egin behar dute gurasoek?
Momentu egokia bilatu behar da. Gu lasai gaudenean eta umea ere lasai dagoen momentua izan behar du. Konpota batek ez dauka zertan izan merienda; izan daiteke bazkaria, goizeko siestaren ondoren. Gu zelan gauden eta umea zelan dagoen da garrantzitsua. Lehenengo egunean ez badu jan, ez du esan gura hurrengoan ere ezetz esango duenik. Ahalegindu egin behar dugu, baina behartu barik.
Umeari errezeta berri bat eman behar baldin badiot, nik ez diot inoiz gauean emango. Deskantsatuta dagoen momentuan emango diot, eta ni lasai nagoenean; zapatuan edo domekan. Afarirako gauza samurrak utziko ditut: orekatuak direnak, baina umearendako samurrak.

Testura aldaketa ere ona izango da, mastekatzen has daitezen.
Esan behar da purearekin agudo aspertzen direla umeak; eta, bular asko hartu dutenek berehala eskatzen dutela testura aldaketa. Hortaz, purea egin beharrean, 9-10 hilabeterekin egokia izaten da barazkiak sardexkarekin txikitzea; hala, mastekatzen hasten dira.
Gainera, ikusi da mastekatzea eta ahoskera oso erlazionatuta daudela. Bular asko hartu duen umeak muskulatura landuagoa dauka, janaria kontrako eztarritik joateko arazo gutxiago izango du eta ahoskera ere hobea izango du.

Gaur egungo bizimoduak umearen elikaduran badauka eraginik?
Bai, batez ere afaritan. Orain, eskoletako jangelekin irtenbide handia daukagu gurasook. Jantokietako menuak parte-hartze handiago eskatzen dio familiari. Guk izan behar dugu menu horren parte, eta ez bagaude ados esan egin behar dugu. Egunero jaten dute han; hortaz, garrantzitsua da. Afaria da etxean denak elkarrekin egoten garen momentua. Hortaz, niretako oinarrizkoa da afaria izatea orekatua eta goiztiarra. Afarirako erabiliko ditugu kremak edo sopak, eta bigarren platerean arraina edo arrautza.
Ikusten dugu ume askok ez dutela afaltzen; esnea bakarrik hartzen dute, adibidez. Hori izaten da berandu iristen garelako etxera, umea bainatu behar dugulako… hortaz, hori guztia pentsatu behar dugu eta ondo antolatu. Gomendatzen dut, adibidez, erosketak astean behin egitea eta aste bukaera aprobetxatzea jaki batzuk gertatu eta asteko afariak prestatuta uzteko.

Hitzaldietan, ze kezka nagusi ikusten duzu gurasoengan?
Irudimen falta dute plateren aurkezpenean, eta kantitateekin zalantzak izaten dituzte. Ni kantitatearekin inoiz ez naiz arduratzen. Umeari igartzen zaio ondo dagoen edo ez.

Komenigarria da guztiek batera jatea?
Bai. Ohitura handia dugu bazkari bat daukagunean lehenengo umeei eman eta gero guk jateko. Umeei makarroiak prestatzen dizkiegu, baina umeek ez dute ikusten guk zer jaten dugun. Hortaz, umeek ikusi behar dute babak baldin badaude jateko, denendako daudela babak. Eta hori dela bazkaria. Gainera, egun baten ez badute ezer jaten ez da ezer pasatzen.
Beste kontu bat da denen artean antolatzea eta eurei galdetzea zer gura duten jateko. Modu horretan, eurak ere protagonista egiten ditugu.

Elikadurak heziketa fisikoan eta psikologikoan dauka garrantzia?
Elikadura emozionala ere bada, kultura baten bizi gara… umeak sukaldera hurreratu behar ditugu, erosketak elkarrekin egin, baserritarrarekin kontaktua, natura entzun… Umea jaiotzen denean eraiki egin behar den etxea da. Arkitektoak (barazkiak), energia (zerealak, koipea) eta materiala (proteinak) behar dugu horretarako. 18 urte arte materialaren beharra izango dugu, eta hortik aurrera, mantentzea: arkitektoen beharra. Bizitzako etapa bakoitza ezberdina da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak