Iban Lizarralde: "Horrenbeste sari jasotzea ezusteko handia izan da"

Mireia Bikuña 2011ko urt. 13a, 12:14

Uztailean aurre-estreinatu zuten Gartzela film laburra, Oñatin. Ordutik hona hainbat jaialditan erakutsi dute filma, eta hiru sari jaso ditu: Gasteizen, Lekeition eta Beasainen. Egubakoitzean, hilaren 14an, film laburra eta making off-a erakusteko emanaldia egingo dute kultura etxean, 19:30ean.

Film labur ona egin duzu... Hori diote, behintzat, jaso dituzun sariek.
Egia esan, ez genituen espero. Gustura geratu gara lanarekin, baina sariena... Ezusteko handia izan da, eta sentimendu kontrajarriak sorrarazten dizkigu: alde batetik, pozik gaude, egindako lanaren errekonozimendua delako; baina, beste alde batetik, urduri jartzen gaitu horrenbeste laudorio jasotzeak.

Lagunek eta ingurukoek gaur ikusiko dute film laburra lehen aldiz. Eta, euren iritziak entzuteko urduri zaude?
Uztailean aurre-estreinaldia egin genuen Oñatin, baina emanaldi itxia izan zen. Gaurkoa irekia izango da. Lagunak ere gogo biziz daude film laburra ikusteko.

Lehen lana izateko, punta-puntako aktoreak izan dituzu zure aginduetara.
Bai; egia esan, asko inplikatu dira proiektuan. Eurengana jo nuen zuzenean, gidoia bidali eta baiezkoa eman zidaten. Erakutsi didate maila handiko aktoreak direla. Sekuentzia bat sei aldiz grabatu behar bagenuen, seietan tonu bera erabiltzen zuten ahoskatzeko. Iñake Irastortzak indar handia ematen dio pertsonaiari. Arantxa Gurmendiren kasuan, 80 urteko emakumearen papera zuen, eta bi orduko makillaje saioa izan zuen.

17 minutuko film laburra da. Drama psikologikoa.
Bi emakumeren (amaginarreba eta erraina) arteko elkarbizitza gogorraren istorioa da. Euren bizitzan preso bizi diren pertsonen errealitatea islatu nahi izan dut. Film labur intentsua da.

Grabazioa bi aste bukaeratan egin zenuten, iaz, martxoan.
Kanpoko planoak Segura eta Zerain artean grabatu genituen, eta barrukoak Lenbur fundazioaren museoan. Bi aste bukaeratan egin genuen guztia. Arazo batzuk izan genituen, baina laguntzaile finak izan nituen: Eneko Aseginolatza muntaketan, Pello Gutierrez argazkilaritzan eta Joseba Beristain musikarekin.

Zer behar du film labur batek ona izateko?
Gutxieneko maila izan dezan, film laburrean parte hartzen duten elementu guztiek onak izan behar dute: aktoreen lana, argazkiak, musika, errealizazioa... Film luze baten akatsak errazago konpon daitezke, baina film labur baten ezinezkoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak