Hitzarmena sinatu dute musika eskolak eta Udal Musika Bandak

Mireia Bikuña 2010ko abe. 3a, 10:59

Jose de Azpiazu Musika Eskolak eta Udal Musika Bandak lankidetza hitzarmena sinatu dute. "Helburua da Udal Musika Bandan diharduten musika eskolako ikasleen jarraipena egin eta euren formazioa ziurtatzea", esan digu musika eskolako zuzendari Aitor Madinak.

Formazioarekin jarraitu

Aspaldi dute hartu-emana musika eskolak eta Udal Musika Bandak. Eskolako ikasleek betidanik parte hartu izan dute musika bandan, baina bi erakundeon artean ez zuten konpromiso idatzirik. Hori lotze aldera sinatu zuten hitzarmena irailean. "Gurekin ikasten duten ikasle askok musika bandako kide dira orain, eta hori sari bat da eurendako. Baina, beste batzuk musika bandararako saltoa eman dutenean, musika eskolarekin dituzten konpromisoak baztertu egiten dituzte", dio Aitor Madinak.

Orain sinatu duten hitzarmenarekin horixe bera saihestu gura dute: hain zuzen ere, Udal Musika Bandara doazen neska-mutikoek, ezinbestean, formazioa jasotzen jarraitu beharko dute musika eskolan. "Batzuk oso gazte etortzen dira bandara, eta uste dute saltoa eman dutelako, ez dutela ikasten jarraitu behar. Nik esaten diet Udal Musika Bandarekin jotzen ditugun partiturak musika eskolako irakaslearekin landu behar dituztela", esan digu Udal Musika Bandako zuzendari Iñaxio Ibarrondok.

Udal Musika Bandakoek astelehenetan eta eguaztenetan entseatzen dute 21:00etatik 22:30era arte.

Gabonetan elkarrekin

Bi zuzendariek uste dute musika munduko formazioa oso luzea dela: "Bandara heltzen direnean bidea ez da bukatzen, ikasten jarraitu behar dute. Gurekin entseatu eta emanaldietan parte hartuko dute, baina musika eskolarekin duten konpromisoari eutsi beharko diote", dio Ibarrondok. Madina iritzi berekoa da.
Hitzarmena sinatu ondoren, elkarrekin egingo duten lehen ekimena Gabonetakoa izango da. Musika eskolako ikasle batzuek parte hartuko dute musika bandarekin Gabon Egunean egingo duten emanaldian. Gabon kantak eskainiko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak