Alex Txikon mendizaleak zabalduko du mendi hamabostaldia

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko aza. 16a, 12:37

Alex Txikonek hasiko du Aloña Mendiko mendi sailak antolatutako mendi hamabostaldia eguaztenean. Hamabostaldi berezia eta hunkigarria antolatu dute. Txikonena, baina, gainontzekoekin alderatuta ezberdina izango da. Mutil "polifazetikoa" da Txikon, "artista" dela esan dute mendi saileko kideek. Hala, Lemoatik Katmandura egindako bidaia kontatuko digu, eta baita gero han egindako mendi eskalada ere. Emanaldia izango da eguaztenean, 19:30ean, Kultura etxean.

Katmandura autoz

Txikonek berak dio XX. mende hasierako eskalatzaileak imitatu gura zituela bidaia honekin. Horregatik, Lemoatik autoz abiatu zen Katmandura.
Morris Gartzia, Jon Arantzabal, Izaskun Betzuen eta Alex Txikon bera irten ziren bigarren eskuko Renault Space autoarekin Lemoatik 2007ko abuztuaren 12an. Katmandurainoko 12.500 kilometroak zituzten egiteko aurretik. Txikonek berak dioen moduan, ilusioz betetako bidaia izan zen; baina, autoan, ilusioaz gain, bizikleta eta aizkora ere eraman zituen lemoatarrak.
Zertarako baina? Bizikleta, adibidez, entrenamenduak egiteko. Shisha Pangma igotzeko beharrezkoa zuen lemoatarrak entrenamenduak egitea; hala, bazkaltzen geratzen zirenetan, Txikonek bost minututan bazkaltzen zuen eta gero bizikletan egiten zituen ibilbideko hurrengo 20 kilometroak. Hala, 8.027 metroko mendia igotzeko entrenamenduak egin zituen Txikonek.
Eta aizkora? Bada, esan bezala, mutil "polifazetikoa" da Txikon, eta aizkolaria ere bada lemoatarra, bere pasioetako bat da.
Otsailean, adibidez, herri kiroletan apustua egin zuen Txikonek Joseba Otaegiren aurka Azpeitiko zezen plazan. Harriak jaso, aizkoran egin eta antxintxikan egin behar izan zuten Txikonek eta Otaegik; apustua Otaegik irabazi zuen.

Zine-kluba, eguenean

Eguenean, The Sharp end filma eskainiko dute zine-klubean. Peter Mortimer eta Nick Rosen dira zuzendariak (2007). Eskaladako irudiak eskainiko dituzte, irudi "benetan ikusgarriak". Antolatzaileek aurreratu dute aho zabalik geratuko dela bat baino gehiago. Filmak hainbat sari jaso ditu: adibidez, Torelloko nazioarteko Mendi zinemaldian Gran Valira saria jaso duen filma da; mendiko kirolen film onenaren saria, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak