Roberto Zugasti: "Zirkuitu teknikoak gustatzen zaizkit, eta pitin bat bustiak egon daitezela"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko aza. 16a, 10:36

Azkeneko urteetan Lizarralde Kirolak bizikleta-dendan ikusi dugu Roberto Zugasti Txiki, mekanikari lanetan. Baina, bizikletak konpontzeaz gain, bizikletan ibili ere egiten da Txiki. Master mailako ziklo-kros txapelketan dabil orain.

Umetan hasi zinen bizikletarekin eta jarraitu egiten duzu.
Bai, kadetetan hasi nintzen ziklismoan, Aloña Mendin. Gero, gazte mailan ziklo-kroseko lasterketaren bat egin nuen. Baina, soldadutzara joan nintzenean utzi egin nuen. Ondoren, mendiko bizikletan hasi nintzen eta 30 urte bete nituenetik nabil master mailan.

Bideko bizikleta eta ziklo-krosa uztartzen dituzu.
Bai, azken bederatzi urteak master mailako bideko bizikletan ibili naiz; eta azken hiru urteetan biak uztartu ditut.

Denboraldia urria erdialdean hasi zenuten. Zer moduz hasi duzu?
Uda partean bideko bizikletarekin ibiltzen naiz, otsailetik irailera. Gero hasten dut ziklo-kroseko denboraldia.
Ni gusturago ibiltzen naiz ziklo-krosean. Orain dela hilabete hasi ginen denboraldiarekin eta dagoeneko sei lasterketa jokatu ditugu. Euskadi mailan 14 lasterketa inguru daude; baina, hemengoak hasi aurretik, Valladolid inguruan hainbat lasterketa jokatzen dituzte. Espainiako kopa, adibidez, Zamoran jokatuko da. Hemen inguruan lasterketarik ez dagoenean kanpora joaten gara.


Ziklo-krosa nahiko berezia da. Zelako lasterketak izaten dira?
Zirkuituak izan behar du bi kilometro eta erdi eta hiru kilometro eta erdiren artean. Kategoria bakoitzak bere denbora izaten du. Adibidez, gazte mailak eta master mailak 40 minutu izaten dute; eta, eliteek 55 minutu. Irteera ematen denean itzuli bat egiten da eta itzuli horretan egindako denboraren arabera kalkulatzen dute zenbat itzuli egin behar diren.Parte hartzaileei dagokienez komeni da 50 bat lagun izatea. Azkenaldian lagun mordoa irten izan gara, 130 adibidez, eta hori larregi da.


Hemen inguruan ziklo-kroseko ze zirkuitu dago?
Gabonetan Elorrion Euskadiko txapelketa jokatuko da. Bestalde, Ormaiztegin, Itsasondon... urte mordoa dabiltza lasterketak antolatzen.

Aspaldiko partez, Oñatin jokatuko da ziklo-kros txapelketa.
Bai, San Martinen eta inguruko zelaietan jokatuko da. Federaziotik ere etortzen dira zirkuitua ikustera eta baldintza batzuk jartzen dituzte: adibidez, zenbat asfalto izan behar duen, edo oztopoak zenbat izango diren.
Zirkuitua erabaki barik dago, baina eguna izango da abenduaren 18an.

Gainera, ziklo-krosean Espainiako txapeldun izandakoa oñatiarra da, Mariano Altube.
Bai, baditut argazkiak Mariano Altube eta Anton Barrutia San Martinen ziklo-krosa jokatzen, adibidez. Lehen jende dezente ibiltzen zen ziklo-krosean.

Azkenaldian, badirudi, berriro ere indarra hartu duela ziklo-krosak.
Bai, gora doan kirola da. Urte batzutan nahiko behean egon da, jende dena errepidean ibili delako. Gainera, ziklismo eskoletan esaten zuten ez zela ona ziklo-krosean ibiltzea errepiderako. Baina, erakutsi da negu partean hobe dela astean ordu betez lehiatzea, geldi egotea baino.
Gertatzen dena da garai batean zirkuituak luzeagoak eta gogorragoak zirela; hortaz, lehenengo itzulian erabakita geratzen zen dena. Orain Europako moduko zirkuituak dira, teknikoagoak.

Errepideko bizikleta eta ziklo-krosaren artean ze ezberdintasun dago?
Errepideko lasterketak luzeagoak izaten dira; ziklo-krosean, ostera, teknika eta indar gehiago behar izaten da. Gainera, ziklo-krosean arrabola (rodillo) egin behar da irten aurretik; esan daiteke, izerditan irten behar dela. Lasterketa leherkorrak izaten dira.

Nolako zirkuituak dituzu gustuko?
Teknikoak izatea eta pittin bat bustita egotea, baina lokatzara larregi egon barik.
Dendan mekaniko lanetan ibiltzen zara, baina inoiz ibili zara txirrindulari talderen batekin?
Ez, inoiz ez. Proposamenak izan ditut talde profesionalekin; baina, hemen oso gustura nago.

Zenbat entrenatzen duzu?
Urtean, guztira 12.000 kilometro inguru egingo ditut. Ziklo-kroserako, adibidez, astean bost egunetan ordu eta erdi ibiltzen naiz.

Anaiaren laguntza izaten duzu lasterketetan.
Bai, ziklo-krosean oso garrantzitsua da norbait izatea ondoan. Beharrezkoa da. Bi edo hiru bizikleta eramaten dugu eta bera arduratzen da horietaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak