Axularren hiztegiaren berrargitalpena aurkeztuko dute

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko ira. 14a, 13:16
Unibertsitatean egingo dute aurkezpena, bihar, zapatua, 13:00etan.

Axularren hiztegiaren berrargitalpena egin du Oñatiko Laixan euskara elkarteak eta Iparraldea Oñatin egitasmoaren barruan aurkeztuko du. Bihar, zapatua, izango da aurkezpena, unibertsitatean, 13:00etan. Besteak beste, Andres Urrutia euskaltzain burua egongo da gonbidatuen artean.
 
Axular eta Oñati
Jerardo Elortza historialari oñatiarrak egin du hiztegiaren hitzaurrea. Berak azaldu bezala, aita Luis Villasantek ikusi zuen Axularrek egindako lana garrantzitsua zela eta hiztegia argitaratzea erabaki zuen. "1960ko hamarkadan teologia eta euskara irakasten zien aita Villasantek Arantzazun teologia ikasleei eta eurekin batera hasi zen Axularren materiala aztertzen eta sailkatzen", dio Jerardo Elortzak. "Azkenean, Jakinek argitaratu zuen Arantzazun, 1973an", gaineratu du Elortza historialariak.

Lotura hori aprobetxatu du Laixanek hiztegia berrargitaratzeko. Hala ere Oñati eta Iparraldea lotzen dituen ohitura zahar bat ere badagoela dio Jerardo Elortzak: "Garai batean Saratik eta Ainhoatik, adibidez, herritar asko etortzen ziren erromes Arantzazura. Gerrak eten egin zuen ohitura hori eta Ainhoan Amabirjiña baten irudia jarri zuten Arantzazuko Ama gogora ekartzeko".

Euskal Herriko liburu dendetan
Espainolera eta frantsesa itzultzen ditu euskarazko hitzak Axularren hiztegiak eta azalpenak euskaraz ere ematen ditu. Hiztegi hori kaleratu zutenetik beste hainbat hiztegi kaleratu dituzte baina denek aprobetxatu dute Axularrek egindako lana.
Zapatuan salgai egongo da hiztegia aurkezpen ekitaldian eta Euskal Herri osora zabalduko dute gero; Pamiela argitaletxearen laguntzarekin jarriko dituzte salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak