Bizkor izan zen azkarrena Oñatin

A.G. 2005ko ira. 26a, 10:30
Nazioarteko 46. artzain txakurren txapelketan Joxemari Jauregi eta Bizkor izan ziren txapeldunak. Enrike Mendiguren 2. eta 3. izan zen.

Hiru puntuko aldearekin, baina Arabako txapeldun Joxemari Jauregi nagusitu zen, Bizkor txakurrarekin, Nazioarteko artzain txakur txapelketan. Atzo jokatu zen Oñatin 46. txapelketa. Orain dela 50 urte jokatu zen lehenengo aldiz, eta orduan irabazi zuen Jose Iturberi omenaldia egin zioten atzo eguerdian. Bere senideek jaso zuten oroigarri plaka, angelusaren orduan.

Lehia estua

Enrike Mendiguren Bizkaiko txapelduna penaz geratu zen atzo. Lau aldiz jantzi du txapela Oñatiko Santa Lutzia zelaian, baina atzo, bi txakurrekin aritu zen arren, bigarren eta hirugarren postuekin konformatu behar izan zuen; Noizartek eta Rikik ez zuten Bizkorrek baino lan hobea egin. Emaitza justua izan zen; izan ere, hirugarren ariketara arte 272na puntura berdinduta joan ziren Noizarte eta Bizkor, baina hirugarren ariketan Mendigurenen Noizarte noraezean ibili zen.

Osterantzean, orokorrean maila altua erakutsi zuten artzain guztiek. Agian, kanpotik etorri zirenak beste urte batzutan baino makalago ibili ziren. Mallorcatik etorri zen ordezkaria, Miguel Adrover Mallorcako txapelduna, gaizki ibili zen, hango txapelketak zerikusi gutxi baitauka Oñatikoarekin. Kataluniarrak ordea ondo aritu ziren; hango eta hemengo txapelketak berdin jokatzen dira.

Ekogastronomiaren txanda

Zapatuan euskal arrazen erakusketa egin zuten, lehenengoz Oñatin, eta Bixente Unzurrunzaga nekazaritza zinegotziak adierazi zigunez, "euskal arrazak badaudela erakusteko asmoz antolatu dugu eta gustura gaude jendeak emandako erantzunarekin". Hala ere, Unzurrunzagak gaur egingo den ekogastronomia jardunaldiaren garrantzia azpimarratu zigun. Sancti Spiritus unibertsitatean izango da goizeko 9etatik aurrera eta nazioartean sortu den Slow Food erakundea aurkeztuko dute; fast food eta fast life deitzen diren mugimenduen kontra sortu den mugimendua. Jatekoari duintasun kulturala emateaz jardungo dute, eta arratsaldean, Euskal Herriko arrazen produktuetan interesaturik dauden sukaldarien mahai-ingurua egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak