Bidabarrietan dago orain euskaltegia, Laixanen ondoan. Hiru gela ditu klaseak emateko, auto-ikaskuntzako beste gela bat eta irakasleendako eta idazkariarendako beste bi gela. Gela handiak dira. Urrian hasiko dituzte klaseak baina matrikulazio epea hilaren 20a arte dago zabalik. Bertara joan ezin duenak, telefonoz (943-78-24-96) edo e-postaz egin dezake.
Trasladoa
Uztailean egin dute trasladoa. Errekalden zituzten ordenagailuak, mapak, egutegiak, hainbat mahai eta beste traste mordo bat Bidebarrietan duten lokal berrira jaitsi zituzten. Gelak hornitzeko ordea, lehengo liburutegiko apalak eta barnetegi zaharreko armairuak ere erabili dituzte.
Irakasleak ere lehengoak dira: Roberto Altuna, Koldo Zumalde eta Xabier Aranzeta. Idazkaria, Beatriz Etxeberria.
Eskaintza
Euskalduntze eta alfabetatze klaseak ez ezik, hainbat taldeendako ikastaroak ere ematen dituzte, adibidez: irakasleendako, etorkinendako eta oñatieraz hobeto idatzi eta irakurri nahi dutenendako. Enpresetan ere ematen dituzte klaseak, Fagorren, adibidez. Joan den urtean, 135 ikasle izan zituzten guztira.
Eraikina
Eraikinak berak 360 metro koadro ditu eta euskaltegiak erabiliko dituen gelez gain, beste bi daude: bat, edozein taldek bilerak egiteko erabili dezake eta bestea herriko lau taldek erabiltzen dute: Txandak, Filatelia elkarteak, Artzai Txakurren elkarteak eta Appalde-k.