Udal ordezkariek "gezurra" esan dutela salatu du OGAk

A.G. 2005ko uzt. 18a, 18:09
"Asanbladakook eskola-porrota izan dugula eta etxean arazoak ditugula" bezalako zurrumurruak zabaltzea leporatu diete OGAko kideek.

Oñatiko gazte asanbladak ekain amaieran egindako plazaren okupazio sinbolikoak zeresan handia eman du herrian. "Udal ordezkari batzuk sekulako astakeriak esaten hasi dira asanbladako kideen gainean: eskola-porrota izan dugula eta etxean arazoak ditugula. Ez ginela inoiz negoziazioaren alde agertu... eta guk gure bertsioa eman nahi dugu", esan zuten OGAkoek zapatuan herriko plazan egindako prentsaurrekoan.

Horrekin batera, okupazio egunean mehatxuak jaso zituztela, ertzainek grabatu egin zituztela eta Andoni Gartziaren jarrera hipokrita izan zela salatu zuten. "Gezurti hauei esan nahi diegu ez dugula ezer ezkutatzeko, ezta zertaz lotsatu ere. Guk egindakoa argi ikusi zen eta gezur hauek ez gaituzte geldituko", gehitu zuten.

Bestalde, bilera baterako hitzordua ere bazuten Udalarekin, baina honek atzera egin duela esan zuten "eurek jakingo dute zergatik".

Sinadura bilketa

Gaztelekuaren aurkakoak ez direla azpimarratu zuten: "Kontua da hasieran autogestioan oinarrituko proiektua zela eta gaur egun Udala da gestore bakarra. Guk gune estali autogestionatua eta askea aldarrikatzen dugu". Horren haritik, uztailaren 5ean etxe hutsa okupatu zuten.

"11:00etan sartu eta garbitzeari ekin genion. Jabearekin izan genituen istiluen ondorioz, eta asanbladan eztabaidatu ondoren, etxetik irtetea erabaki genuen". Sinadurak batzen ari dira gaztetxearen alde: "Ez dugu etsiko lortu arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak