Bariku gauerdian okupatu zuten herriko plaza. Oñatiko gazte asanbladak bultzatutako okupazio sinbolikoa zen "kaleko jendeari adierazteko gu kalean garela", esan digu asanbladako kide Ainhoa Duhaibik.
Hamabost kanpinetan banaturik 50 bat lagunek igaro zuten barikuko gaua herriko plaza erdian. Kartoizko gaztetxea ere eraiki zuten, kanpaldiaren erdi-erdian jarri eta apaindu zutena.
Tentsio uneak
Gosaria egin ondoren hasi ziren tentsio uneak akanpatuen artean. 17 urtetik beherakoen etxeetara deitzen hasi ziren, adierazi digu asanbladako kide Mikel Kortak. Ezer gertatzen bazen gurasoak zirela erantzuleak, mehatxatu zuten.
Gurasoek, urduri, herriko plazara jo zuten eta jende multzo handia batu zen. "Ertzainak agertu ziren eta 13:00etarako kanpinak kentzeko esan ziguten".
Oñatiko alkate Andoni Gartzia ere bertaratu zen. "Itxura kontuak zirela eta kanpinak erretiratzeko exijitu zigun. Asanblada egiten ari ginen gu eta gurekin batera eseri zen. Garbi hitz egin genuen. Azkenean, eta asko kostata, soluzio batera iritsi ginen". Frontoian egin zuten zapatuko gaua gazte asanbladako kideek. San Martin ermitako arkupe azpian batzen dira eta ekintzak burutzeko lokal librea behar dutela aldarrikatzen dute.
Egitarau zabala
Okupazio sinbolikoaz gain, ekitaldi multzoa zituzten antolatuta gazte asanbladakoek astebururako. Pilota partidak, tailerrak, hitzaldiak... gehienak burutu dituzte azkenean.