Tranbiak Oñatin izango duen trazatuaren proiektua aurkeztu du gaur, astelehena, Arrasaten Amannek. Oraindik proiektua da eta zehazteke dago lanak noiz hasiko dituzten, baina erabakita dago bigarren fasea izango dela Elorregitik Oñatirako bidea; lehenengoa, Aretxabaletatik Bergararako zatia da.
Nondik nora
Proiektuaren planoetan ikusten da: tranbia posta etxearen aurretik datorrela; hortik kiroldegira doa turismo bulegoa dagoen ondoko berdegunea zeharkatuta; kiroldegi paretik pasa eta Bidebarrieta kalean sartzen da; zuzen-zuzen doa eta gero Lazarraga kalera iristen da; autoendako errepidearen ondotik, Bidaurretara heldu eta Legazpirako bidea hartzen du eta Olaa auzoraino heltzen da, ETEO pareraino. Han buelta hartu eta berriro zuzen doa Bidaurreta pareraino, Kurtzebidetik barrena, Moiua kaletik Errekalde aldera; Urbia tabernaren paretik, kultura etxe atzeko kaletik behera, Bakardadeko amaren kaletik barrena; Unibertsitate eta institutu aurrekaldetik, berriro posta etxera eta hortik Zubillagaruntz.
Bederatzi geltoki
Lehen plano hauetan ikusten da bederatzi geltoki izango dituela tranbiak Oñatin: posta etxean, kiroldegia eta osasun etxearen artean, Errementari plazan, San Martin egoitzako bidegurutzearen ondoan, Olaako ahateen parean, ETEO aurrean, Kurtzebiden, Errekalden ( Urbia tabernaren parean ) eta institutuaren aurrealdean.
Tranbiaren lehen fasea Aretxabaletatik Bergarara dagoen zatia izango da eta horren gaineko ezaugarriak ere eman ditu Alvaro Amannek.