Bilboko Ingeniaritza Eskola Fundazioak gaur, astelehena, banatuko ditu azken hiru urteetan eman dituen Ingenia sariak ingeniaritzari lotutako sariak dira. Arratsaldean izango da sari banaketa, Ingenieritza Eskola Nagusiko areto nagusian, eta hantxe izango da Juan Zelaia oñatiarra saria jasotzeko. Izan ere, berari eman dio aurten fundazioak sarietako bat: Ibilbide Profesionalari saria, hain justu ere. Horrez gain, beste sari bat ere banatzen dute, Ekintzari saria, eta hori Sener Ingeniaritzak jasoko du.
Sari banaketa ekitaldian izango dira, besteak beste, EHUko errektore Juan Ignacio Perez eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu Anjeles Iztueta.
Mende erditik gora industria ingeniaritzan
Juan Zelaiari industria ingeniaritzan emandako urteak berrogeita hamarretik gora aitortu nahi izan dizkiote sari horrekin. Baita Cegasa Taldeko zuzendari gisa egindako lana ere. Horrekin batera, Tuboplast eta Hidronor enpresetako zuzendari exekutiboa da eta parte hartzen du Ulecia Kontserbak, Lan Ardoak eta CTL Activ Kartutxoak enpresetan. Hori ere azpimarratu dute epaimahaiko kideek saria emateko orduan.
Juan Zelaiak honakoa esan dio Asteleheneko Goienkaria-ri: "Ez nuen halakorik espero, baina oso pozik hartu dut epaimahaiaren erabakia. Bilbora joango naiz saria hartzera, eta ilusio handiz jasoko dut. Gainera, eskola horretan ikasi nuen nik ingeniaritza industriala.
Zelaiak 84 urte ditu eta, industriaz gain, euskal kultura eta gizarte arloez ere arduratu da. Hori horrela, iazko abenduan Gizartearendako Hiritar Eredugarriari urrezko domina eman zion Aldundiak, eta jaso ditu baita Anton Abbadia eta Sabino Arana Fundazioaren sariak ere.