Bitoriano Gandiaga gertutik ezagutu eta bere poesiarekin gozatu zuten

Mirari Altube Arrese 2004ko mai. 10a, 11:28
Domeka arratsaldea girotzeko ikuskizun bikaina izan zuten Oñatiko Santa Ana aretoan. 180 bat lagun, nagusiak gehienak, hurreratu ziren Elorri loratua ikuskizunera. Bitoriano Gandiagari egin zioten omenaldia, eta bera gertutik ezagutzeaz gain bere poesiarekin gozatu zuten Gontzal Mendibil eta Marife Nogales kantariek eskaini zuten ikuskizunarekin.

Ez ziren, gainera, bakarrik egon taula gainean, dantzariak, trikitilariak, Rossini abesbatza eta musika taldea izan zituzten lagun. Pello Zabala frantziskotarrak, ostera, Bitorianoren papera hartu zuen.

Bitorianoren ibilbidea

Musikaren bitartez egin zioten jarraipena orain hiru urte zendu zen Bitoriano Gandiaga frantziskotar bizkaitarraren bizitzari: amak hasierako urteetan izan zuen papera, Arantzazura heldu zenekoa, Jorge Oteiza eskultorearen eragina, Euskal Herriarekiko zituen kezkak, Madrilera egindako bidaiak eta bere barne minak eta zalantzak. Bitorianoren poesiekin batera kanta herrikoiak tartekatu zituzten, eta antzerkiaren bitartez girotu zuten bizi izan zuena.

Marife Nogalesen ahots goxoak, Gontzal Mendibilen sakontasunak eta abesbatzaren xuxurlak giro berezia sortu zuten Santa Ana aretoan. Trikitilariek eta dantzariek, ostera, ikusleen txalo zaparrada eragin zuten.

Ikuskizun benetan dotorea eta apala, Bitoriano gertu-gertutik ezagutzeko paregabea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak