Aurreko astean Ereitten Herri Ekimeneko zazpi lagunek prentsaurrekoa egin zuten Oñatiko kultura etxean. Gaur, hilak 5, plataformako zortzi lagun eta Herri Batasuna eta Euskal Herritarrok taldearen zinegotzi izandako herritar bana epaituko dituzte. Prentsaurrekoan esan zutenez, "irainak eta ordena publikoaren aurkako falta" akusaziopean epaituko dituzte, Bergarako Instrukzioko Bigarren Epaitegian.
Salaketaren jatorria
Salaketak 2003ko ekainaren 14an du jatorria, udalbatza berria osatu zen egunean. Bilkura amaituta, Herri Ekimeneko ordezkariek pankarta hartu eta herriko plazara irten ziren. Hainbat ertzain gerturatu zitzaien orduan bilkuraren baimen eske, baina bilkurarik antolatuta ez zutenez, baimen beharrik ez zegoela erantzun zieten Herri Ekimenekoek. Hala, "pankarta askatu eta lurrean geratu zen eta ondoren, jendeak alde egin zuen".
Dena den, "ertzainek han egotea justifikatu behar zutenez, herritarrak probokatu egin zituzten", Ereitteneko kideen esanetan, eta ertzainen jokaerak "kalean zegoen jendearengan harridura, haserrea eta beldurra" sortu zuela gehitu zuten. Poliziaren kargak eragindako zauriengatik bi lagunek anbulatoriora jo behar izan zutela ere azaldu zuten, eta salaketa jarrita dutela.
Bestalde, akusatuetariko batek ere jarri du Ertzaintzaren kontrako salaketa "bere aurkako akusazio faltsuagatik; izan ere, egun horretan ez zegoen Oñatin", plataformakoen esanetan. Azkenik, salaketa honekin, Ereitteneko ordezkariak kriminalizatu egin nahi dutela salatu zuten.