San Miguel Kooperatiba, eraberrituta, herritarren zerbitzura berriz ere

Julen Iriondo 2004ko mar. 31a, 18:43
Azken hilabeteetan eraberritze lanetan aritu dira San Miguel Kooperatiban. Lanak amaituta, bihar, eguena, irekiko ditu ateak. Itxura aldatu diote, betiko izaerari eutsiko dio ordea. Hori bai, bazkide berriak lortu nahi ditu Kooperatibak.

Bihar goizeko bederatzietan irekiko ditu ateak Oñatiko San Miguel Kooperatibak, erabat eraberrituta. Kooperatiba 1918an sortu zen lagun talde baten ekimenez, Debagoieneko enpresetako langileei ekonomatu zerbitzua eskaintzeko asmoz. Sorreratik ona hainbat eraldaketa izan ditu, orain ordea supermerkatua goitik behera berritu dute.

Kooperatibak 450 bazkide ditu egun -30 euro ordaindu behar dira urteko-. Gehienak, baina, adinean aurrera doazen lagunak dira; hori dela eta, itxura berriarekin jende gehiago erakarri nahi du Kooperatibak. Horretarako inbertsio handia egin dute, beste aukera batzuk albora utzita. Izan ere Eroski eta IFA supermerkatu kate handiek erosi egin nahi izan zuten Kooperatiba. Arduradunek, ordea, betiko izaerari eutsi nahi izan diote.

Txiki-parka ere bai

Kooperatibaren itxura, beraz, aldatu da; beste hainbat gauza ez, ordea. Arduradunek azaldu digute bertako ganaduarekin, barazki freskoekin eta bestelako produktuekin lanean jarraituko dutela, nahiz eta kanpokorik ere egongo den aukeran.

San Miguel Kooperatiba lehengo tokian, Kale Barrian dago kokatuta. 300 metro koadro ditu eta instalazio modernoak, hiru solairutan banatuta. Txiki-parka ere jarri diote gurasoek erosketak egiten dituzten bitartean umeak han uzteko. Ordutegia ere berria izango du, astelehenetik zapatura 9:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak