Euskadiko turismo bulegoen sarean sartu da Oñatiko bulegoa

Gorka Etxabe 2004ko mar. 22a, 15:25
Oñatiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako turismo sailak hitzarmena sinatu dute gaur. “Itourbask” sarea sortu gura du Jaurlaritzak eta Oñatiko turismo bulegoa sare horretako partaide izateko akordioa sinatu dute gaur. 2005.urterako Euskadin dauden 60 turismo bulegoak izango dira sare horretan.

Oñatiko Udaleko osoko bilkuren aretoan sinatu dute hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako turismo sailburuorde Koro Garmendiak eta Oñatiko alkate Andoni Gartziak. Hitzarmen horri esker, Oñatiko Udala sartuko da “itourbask” sarean.

Kontua da, Eusko Jaurlaritzak elkartu nahi dituela Euskadin dauden 60 turismo bulegoak. Guztien lanari probetxua atera nahi die Jaurlaritzak. Gaurko ekitaldian esan dutenez, egitasmo garrantzitsua da. Izan ere, 60 bulego eta 100 langile baino gehiago jarri nahi dituzte turismoaren alde elkarlanean Euskal Herrian.

Itourbask sarean dagoeneko 6 bulego

“Itourbask” sarean 6 turismo bulego daude orain arte. Oñatikoa, Zarautzkoa, Zumaiakoa, Tolosakoa, Donostiakoa eta Gernikakoa. Aurten beste zenbait turismo bulego ere sartuko dira, tartean Gasteizkoa. 2005. urtean, ostera, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bulego gehienak izango dira sare horretan.

Hitzarmenarekin hiru atal landu nahi ditu Lakuako Gobernuak. Dirulaguntzak ematea turismo bulegoei, bulegoen arteko intraneta sortzea eta jaurlaritzako web gunea turismoaren atari bihurtzea.

Sarean sartzeko baldintza ugari

Hori bai, hitzarmena sinatzeko eta sarean parte hartzeko, zenbait baldintza bete behar dituzte turismo bulegoek. Besteak beste, ordutegi mardula behar dute izan eta irisgarritasun baldintzak bete behar dituzte.

Egitasmoarekin Jaurlaritzak nahi du turistei harrera ona egitea eta bisitarien egonaldiak luzatzea. Kontua da, azken urteotan Euskal Herrira etorri direnak oso egun gutxi egin dituztela gure artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak