Antzerkiola Imaginarioak iaz estreinatu zuen Yuri Sam. Otoitza lana, eta Oñatira ekarriko du hilaren 30ean. Santa Ana antzokian izango da, 22:30ean. Yuri Sam txamana 2000ko neguan hil zen, bihotz-haustura eta eromena zirela-eta; baina bere espirituak bizi iraungo du eta kosmosetik bidaiatuko du -hori da antzezlanaren haria. Ander Lipus, Miren Gaztañaga eta Veronica Fernandez dira antzezleak.
Antzerkiaren magia berreskuratu
Lan hori Antzerkiola taldearen proiektuaren barne dago: hain zuzen, eurek dioten moduan, gogoratu nahi dute antzerkia erlijio edukien adierazpen errituala zeneko garaia, eta antzerki sakratu hartako elementuak berreskuratu eta XXI. mendeko mendebaldeko gizakion esperientziatik, irakurketa berri bat proposatu.