Bi udal departamentu aldatu dituzte Bidebarrieta 12ra: Gizarte Zerbitzuena eta Teknologia eta Informazio Gizarteena. Lehenengoaren barruan, Gizarte Laguntzaileak eta Prebentzio Zerbitzua sartzen dira, eta bigarrenaren barruan, Enplegu Zerbitzua.
Orain arte udaletxean egon dira zerbitzu hauek baina, bertara iristeko oztopo arkitektonikoak zeuden. Eskailera ugari igo behar ziren bulego hauetara iristeko, eta orokorrean, hirugarren adinekoak eta elbarrituak joaten dira zerbitzu hauetara. Lokal berri hauetan oztopo arkitektoniko horiek ezabatu egin dituzte eta zerbitzu hobea eskainiko zaio herritarrari. Bestetik, gizarte zerbitzu guztiak lokal berean egongo dira.
Agintari eta gonbidatu ugari
Bulego berri hauek bihar goizean inauguratuko dituzte, goizeko 11:30etan, eta agintari eta gonbidatu ugari egongo dira.
Egongo direnen artean daude:
- Oñatiko alkatea, Andoni Garzia
- Rosarito Galdos, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia
- Ester Larrañaga eta Jose Luis Madrazo, Gipuzkoako Aldundia
Gonbidatuta daudenak:
- Ibarreko udaletako Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta teknikariak
- Oñatiko Caritas zerbitzua, jubilatuen elkartea eta parrokoa
- Gizarte Zerbitzuarekin kontratua duten enpresetako ordezkariak
- Aurreko agintaldietako alkateak, Eli Galdos eta Anjel Iturbe
- Aurreko Gizarte zinegotzia, Axun Billar
Helbide berria
Bidebarrieta 12, behea. Telefono zenbakia: 943-03-77-00. Ordutegia, goizez: 9:00etatik 14:00etara.