Iker Egaña: "Atzoko moduko jarraitzaileen presentzia bizitzea zoragarria da".

A. Leibar 2004ko urt. 8a, 14:10
Errege Kopa txapelketako 3 partidu izan ziren atzo. Horietako batean, Eibar taldeak Real Madrilaren kontra jokatu zuen. Banako emaitza izan zen Ipuruan. Arrasate Irratian Iker Egaña Eibar taldeko prestatzaile fisikoarekin solasaldia izan dute.

Gaur pozik joango zinen lanera, ezta?

Bai, bai. Atzo egin genuen partidua eta gero, gaur goiza ezberdina izan da. Azken finean, atzoko ilusio guztia gaur lasaiago ikusten da.

Lehenbizi zorionak. Baina, emaitza ikusita, pena bat izan zen, ezta? Saiatu bai, baina bazirudien baloiak ez zuela sartu nahi.

Nik uste dut partidua hasi aurretik enpatea hartuko genukeen galdetuz, baietz esango genukeela duda barik. Baina, partidua ikusi eta gero, gauzak aldatzen dira. Lehenengo 20 minutuak zoragarriak izan ziren. Oso aukera onak izan genituen 3 gol sartzeko, baina, atezaina oso ondo ibili zen.

Banakoarekin gelditzen gara eta Santigo Bernabeu-ra asteartean goaz munduko ilusio guztiarekin. Ia sorpresa bat ematen dugun.

Gaurko egunkari guztiak erosi dituzu.

Bai. Ohitura daukat partidu osteko egunetan guztiak erosteko, bai irabazten dugunean baita galtzen dugunean ere. Guri buruz zer esaten duten ikusten dut. Eta atzoko moduko partidu baten ostean, ilusio gehiagorekin irakurtzen dira egunkarietako albiste horiek.

Guk hemen ditugu bost egunkari. Titularrei kasu eginez gero, azaletan Eibar futbol taldea da nagusi. Guztiek, gutxi gorabehera bat egiten dute Eibarrek sari hobea lortzeko merituak egin zituela esatean.

Bai, gu oso mentalizatuta geunden atzoko partiduarekin, hasiera-hasieratik. Lehenengo mailako oso talde ona da Madrila, baina, guk gure jolasteko moduarekin zelaira irtenda, irabazteko aukera izango genuela bagenekien. Beraz, oso kontzentratuta atera ginen.

Oso ondo hasi genuen partidua. Bankiloan emozioz beterik geunden. Jokalari eta entrenadoreen artean komentatu genuen oso ondo jokatzen ari ginela, oso aukera onak izan genituela, baina ez genuela golik sartzen.

Madrilak izan zuen lehenengo aukeran gola sartu zuen, 45. minutuan. Gero, partiduan bi taldeak oso parekatuta ibili ginen. Guri oso sentsazio ona gelditu zaigu.

Bi eta bata gertu gertuan izan zen.

Bai, bigarren zatian aukerak izan genituen. Madrilak gehiago ukitu zuen baloia bigarren zatian. Gu ez ginen beste porteriara hainbeste iristen. Baina, bai, atzoko emaitza 3-1 edo 4-1 izan beharko litzateke; aurkaria beste talde bat balitz, irabazteko %90eko aukera izango genukeen, nire ustez.

Iker Casillas oso ondo aritu zen. Galaktikoa.

Bai, nik uste dut beti. Madrilek galaktiko asko ditu. Golak sartzen dituztenak goraipatzen dira normalean. Atezain honen lana izugarrizkoa da. Casillas oso profesionala da, berdin zaio noren kontra eta non jolastu. Egunkarietan ere jarriko du, beragatik ez bazen, atzo Madrilak partidua galduko lukeela.

Bira bat emanez, sartu gaitezen "txutxumutxu" kontuetan. Zelako eguna izan zen atzokoa?

Goizean entrenatu eta bertan bazkaldu genuen. Siesta egin, merienda seiak aldera eta gero, entrenatzailearen "hitzaldia". Eta azkenik, partidua. Egia esan, oso luze egiten da eguna gaueko 21:30ak oso berandu egiten baitira.

Atzoko giroa nabarmena zen. Almerian irabazi eta gero aste hau gozamenerakoa izan da. Partidu aurreko momentuetan asko nabari zen, baita jokalarien aurpegietan ere.

Jarraitzaileek ondo erantzun al zuten?

Bai. Atzoko bezalako jarraitzaileen presentzia bizitzea zoragarria da. Baina, aldi berean, pena bat da hori beti horrela ez izatea. 21:30ean hasten zen partidua eta 20:00etarako iritsi ginen Ipuruara. Ordurako zaletuak han zeuden. Partidu guztian zehar animatu zuten jarraitzaileek. Partiduko sentsazio horiek ezin dira errepikatu.

Taldean, zein da zure lana?

Lan taldea gaude bertan. Bakoitzak bere esparrua du, baina talde lana da azken finean. Hori da baloratzen dena. Denok baloratzen dugu eta denok ematen dugu gure iritzia. Entrenatzailea da burua, baina denon ekarpenak onartzen ditu.

Nire lana konkretuki partidu aurretik hasten da, beroketaren bitartez. Bestalde, entrenamenduetan taldekideen alde fisikoa lantzen dut. Entrenamendu amaierako luzaketak ere zuzentzen ditut.

Noiztik Eibarren?

Aurten da seigarren urtea. Lehenengo hiru urteak bigarren taldean egin nituen eta azkenengo hiru urteak lehenengo taldean, bigarren mailan egin ditut. Oso gustura nabil, esperientzia oso ona da. Beti jokatu izan dut futbolean.

Nahi nuen mundu honetan sartzea eta zortea izan dut. Esaterako, Bernabeu-ra prestatzaile fisiko bezala joateko aukera izugarria da. Hori bizitzan behin suertatzen da, eta aprobetxatu egingo dugu. Eta ikasi ere egingo dugu.

Zorte on Madrilen

Mila esker.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak