Hasi dira lanak Arrikrutzen

Oihana Elorza Gorostiza 2003ko abe. 23a, 15:22
Aste honetan hasi dira Arrikrutzeko obrak. Ingurua garbitu dute jada eta bidea egiten hasi dira egunotan. Urte t´erdi inguru iraungo dute obrak, kalkuluen arabera.

Atzo bertan ingurua garbitzen hasi ziren langileak eta gaur bidea zabaltzen hasi dira, gero makinak sartzeko. 300 metrotan zabalduko dute bidea gutxi gora-behera.

Indusketa lanak

Geotekniako ikerketak eta indusketa arkeologiko lanak egingo dituzte kobaren sarrera izango den tokian. Makinak lanean hasi diren tokitik 500 bat metrotara egongo da sarrera.

Barruko eta kanpoko instalazioen proiektua eginda dago baina oraindik ez da erabaki sarrera non egingo den. Indusketa lan hauek sarrera gunearen materiala zein den esango dute eta sarrera egiteko zein angulu behar den ere bai. Beraz, lan hauek zehaztuko dute kobaren sarrera.

Lau fase

Berez, lau fase ditu proiektu honek. Lehenengoa egin da, inguruak garbitu, alegia. Bidea zabaltzea bigarren fasea da. Ondoren indusketa lanak dira eta kobaren sarrera zehaztea eta egitea laugarrenean sartuko dira.

Lan hauek urte t´erdi iraungo dutela aurreikusten du proiektuak. Gero, bisitaldiak hasiko dira. Bidea zabatzen ari diren tokian harrera leku bat egingo da. Hortxe erosiko ditu jendeak txartelak, taldeak egingo dira eta bisita gidatuak egingo dira ostean. Autoendako aparkalekua ere egingo da.

Berez, Gezaltza-Arrikrutz haitzuloa osatzen duten galeriek, 16 kilometro egiten dute. Bisitariek 500 metro ikusiko dituzte, sarreratik errekara bitarteko metroak. Izan ere haitzulo barruan erreka bat doa aldenik alde.

Duela 5 urte

Oñatiko udalak 1997. urtean egin zuen lehiaketa publikoa Arrikrutzeko Kobako obrak egingo dituen enpresa kontratatzeko. Gero, jarraipen batzorde bat sortu zen proiektuaren jarraipena egiteko. Batzorde horretan hartu dute parte besteak beste, Aloña Mendiko Espeleologia Taldeak, Aranzadi Elkarteak, historialariak, turismo aholkulariak eta alderdi politikoetako ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak