Jerardo Elortza: “Monumentu historiko eta klasikoez gain, elementu interesgarri asko dago Oñatin”

Aintzane Irizar 2003ko abe. 19a, 20:03
Turismo gidari berezia izango dugu zapatuan, Laixanek antolatu duen bisita gidatuan: Jerardo Elortza historialari oñatiarra, hain zuzen ere. Inork gutxik ezagutuko ditu gure herria eta herriaren historia eta ondarea Jerardok bezain ondo.

Aspaldi hasi zineten era honetako ibilaldiak egiten, ezta?

Bai, Laixan elkarteak antolatuta hasi ginen ibilaldi hauek egiten, orain dela hamar bat urte. Lehendabizikoa erdigunean bertan egin genuen; harrezkero, herriko hainbat auzotara egin ditugu ibilaldiak: Olabarrieta, Araotz, Arantzazu, Torreauzo, Santxolopetegi, Madalena, Garagaltza, Uribarri... Urtero egin dugu ibilaldiren bat.

Ze ibilbide prestatu duzue zapaturako?

Orain dela hamar urte egin genuen hura egingo dugu zapatuan; herriaren erdigunea ikusiko dugu.

Egunero ikusten ditugun toki eta monumentuen historia eta artea ezagutzeko aukera izango dugu, hortaz, bisita horretan? Bai; herriaren historiaren gaineko azalpen orokorrak emango ditugu; hasteko, plazatik Kale Zahar aldera joko dugu, eta San Anton kaletik jarraituko dugu, Santa Marinara; handik, Patrue Kalera abiatuko gara, eta Atzeko Kaletik buelta, berriro plazara iritsiko gara. Denboraz baldin bagabiltza, parrokia ere bisitatuko dugu. Herriaren egitura zein den ikusiko dugu, herria zela sortu zen eta zein aldaketa izan dituen herriguneak; hori guztia, datu historikoekin batera. Azalduko dugu zela herriak bi auzo nagusi zituen garai baten, zela izan zen herriaren arazo nagusia bi auzo horiek, zaharra eta berria, batzea, zelakoa zen herriko plaza garai baten... Bestalde, ibilbide horretan zehar dauden etxeetako elementu arkitektoniko interesgarrienei ere erreparatuko diegu, asko daude eta.

Oñati bere ondarea ondo zaindu duen herria dela esaten da askotan.

Bai; Bergara eta Elorriorekin batera, Oñati izango da elementu interesgarri gehien dituena hemen inguruan, eta nik uste dut asko hobetu dela. Udaletxea, Unibertsitatea, Bidaurreta, parrokia... elementu interesgarri asko ditu Oñatik. Dena dela, herriko kaleetan, nik uste dut azkeneko urteetan aurreko 400-500 urteetan baino ordezkapen gehiago egin direla eta galerak egon direla.

Adibidez?

Kale Barrian bertan, esaterako, guztiok ikusi dugu zenbat etxe bota diren eta berriak eraiki. Zubiak ere dezente eraitsi dira, interesgarriak zirenak, eta kaltzada eta gurdibide asko ere galdu ditugu. Gaur egun, ez dago kaltzada zati bakar bat ere; Zubillagako ola ere bota zen. Galera batzuk izan ditugun arren, beste zenbait elementu oso ondo zaindu dira: ermita batzuk, karobi batzuk konpondu dira... Dena dela, kontuan hartu behar dugu, lehen esan dudan moduan, izugarria dela Oñatin zenbat elementu interesgarri dauden: monumentu historikoez gain, 300 edo 400 baserri, 150 bat putzu, 50 bat karobi, monumentu megalitikoak, ermitak...

Aipatu diguzunez, erdiguneaz aparte, auzoetan ere hainbat ibilaldi gidatu egin izan dituzue. Auzoetan ere egongo da zer ikusirik, ezta?

Bai, bai; herriko erdiguneko monumentuez aparte, auzoak ezagutzea ere interesgarria zela ikusi genuen. Urruxolan, esaterako, bi bainuetxe daude; Olabarrietan ere asko dago ikusteko; Araotzen eta Arantzazu aldean, berriz, zer esanik ez. Dena dela, zapatuan erdigunean ibiliko gara, esan bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak