Bi ekintzarekin ospatuko dute zapatuan Aloña Mendiren espeleologia saileko kideek 35. urteurrena:
- 12.00etan: diaporama aurkeztuko dute kultur etxean.
- Ondoren: bazkaria egingo dute urte hauetan guztietan espeleologia taldean ibilitako lagunek.
Aurreko urteurren ospakizunetan Oñatin espeleologian aritu ziren aurreneko lagunak, Reyes Korkostegi, Juan San Martin eta hauen kideak omendu zituzten, oraingoan berriz 50. hamarkadan ibilitakoek jasoko dute omenaldia.
Izan ere, Aloña Mendiren espeleologia saila duela 35 urte sortu arren, aurretik ere hainbat oñatiar jardun zen langintza horietan. Eta hain zuzen ere, zapatuan eskainiko duten diaporaman 50garren hamarkadan oñatiarrek espeleologian egindakoa ikusteko aukera izango da. Garai haietan oñatiarrek munduko goi mailako esplorazioetan hartu zuten parte, eta ondoren baita lehenengo mapak argitaratu ere.
Oñatiarrak Torca del Carlistan
Esate baterako, Karrantza bailaran dagoen Torca del Carlista leizean aritu ziren oñatiarrak. 355 metroko sakonera du leize honek, eta behean garai haietan munduko salarik handiena zena. Sekulako erronka izan zen esplorazio hau oñatiarrentzat; arrakasta handiarekin gauzatu zuten 1958 urtean.
Kanpoan bai, baina etxean bertan ere hainbat zoko arakatu zituzten oñatiko espeleologoek 1955etik aurrera. Oñati inguruko koba handienak esploratu eta topografiatu zituzten, Txintxin koba, Gesaltzako lizuna, Arrikrutzekoa edo Katabera 01 deitutakoa, esaterako.