Gabonak datozela-eta, Elkar Hezi ikastetxeak oñatiar guztioi zabaldutako ekintzak antolatu ditu datozen egunotarako.
Abenduaren 13an, hau da, zapatuan, bidezko merkataritza bultzatzeko azoka egongo da Foruen plazan, goizez eta arratsaldez. Hegoaldeko herriekin lanean diharduten Gobernuz Kanpoko Erakundeak egongo dira bertan; produktuak saltzeaz gain, euren jardueraren berri eman eta sinadurak bilduko dituzte. 18 erakundek hartuko dute parte; besteak beste, honakoek: Medicus Mundi, SOS Arrazakeria, Médicos sin fronteras, Sahararen lagunak, Komite Internazionalistak, Chiapasen aldeko batzordea, Euskoafrikar elkartea, Salesiarren misioak, Taupadak
Ekuadorren gaineko hitzaldia
Hirugarren munduko herrialdeen egoeraz kontzientziatzeko beste ekitaldi bat ere egongo da: martitzenean, abenduak 16, Ekuadorren hilabete batzuk pasatu dituzten bi irakaslek egingo dute berbaldia. Sergio Bernal eta Miren Elortza Elkar-Heziko irakasleek han bizi izandako esperientziak azalduko dituzte. Santa Eskolastikako aretoan izango da, 19:00etan.
Azkenik, abenduaren 18an, eguena, Jaiotza ipiniko dute ikasleek, 17:30ean, Foruen plazan. Lehen Hezkuntzako umeek egindako erroskilak, trufak salgai egongo dira, eta bildutako dirua elkartasun proiektu batera bideratuko du ikastetxeak.