Azaroaren 27ko Osoko Bilkuran erabaki zuen Oñatiko Udalak nori esleitu herriko aparkaleku berriak egitea. Arrasateko Amaral eraikuntza enpresak irabazi du enkantea, 304.531,46 euroko aurrekontuarekin. Kontratua sinatu ondoren, sei hilabeteko epea izango du enpresak lanok egiteko, azaldu du Oñatiko Udaleko Hirigintza sailak. Lau enpresa aurkeztu ziren enkante horretara.
Lur eremua, gertu
Aparkaleku berriak egitea da Udalaren lehentasunetako bat, herriak duen aparkaleku beharra asetzeko. Zubikoa kiroldegiaren eta herriko anbulatorioaren arteko lur eremuan eraikiko dituzte aparkalekuok. Han etxe bat zegoen, eta orain dela hilabete bat inguru bota zuten. Hortaz, eremua prest dago lanak has daitezen.