Turismo eskaintza: Antzezlan historikoa eta tren turistikoa

Leire Kortabarria 2003ko aza. 26a, 12:24
Oñatiko ondarea ezagutzera emateko, hainbat ekintza antolatu dute Oñatiko Turismo Bulegoak eta Kultura sailak datorren hilerako. Monumentuak eta Oñati konterria zen garaiko ondarearen erakustaldia antolatu dituzte, besteak beste. Hala ere, ekintza ezohikoak ere badaude: gai historikoko antzezlan bat eta tren turistiko bat.

Abendu osoan egongo da zer egin eta zer ikasi Oñatin, bertako Turismo Bulegoak eta Kultura sailak egitarau oparoa antolatu dute-eta. Alde batetik, bisitaldi gidatuak egongo dira; baina baita beste kultura eskaintza ezohiko batzuk ere, antzerki saio bat, esaterako.

Lope de Agirreren bizitza

Hain zuzen ere, Lope de Agirre konkistatzailearen eta alaba Elviraren bizitzan oinarritutako Elvira Dorado antzezlana eskainiko du Bartzelonako Iliacan taldeak. Abenduaren 12an izango da hori, egubakoitza, Santa Ana antzokian. Ikus-entzutekoen atalean, bestalde, Gabonetako kontzertu berezia antolatu da: abenduaren 21ean, Oñatiko Musika Banda, Txistulari taldea, Oñati Abesbatza, Parrokiako korua, Ganbara abesbatza eta Txantxiku Ikastolako abesbatza izango dira parte hartzaileak.

Tren turistikoa

Hilaren 29an eta 30ean, Oñatiko konterriak utzitako ondare historikoa ezagutzen delako tren turistikoa egongo da. Segidan, Gebaratarren kripta eta Rodrigo Mercado de Zuazola Gotzaiaren kapera bisitatuko dituzte, San Migel Elizan. Unibertsitatetik abiatuko dira. Tren turistikoa ekintza berria da Oñatin. Turismo arduradunek azaldu digute: Oñatiar askok ez dakite egunero-egunero ikusten dituzten egoitzak edo lekuak gune historikoak direla, eta horiek hurreratu gura dizkiegu. Trena Sancti Spiritus unibertsitatetik abiatu eta Santa Marinara, Portu ingurura, Atzeko kalera... joango da.

Gerardo Elortzaren eskutik

Abenduaren 6tik 8ra, Oñatiko monumentu garrantzitsuenak delako bisita programatuak egongo dira. Sancti Spiritus Unibertsitatea, Mikel Deunaren parrokia eta Bidaurretako monastegia erakutsiko dituzte, 12:00etan eta 16:15ean egindako bisitaldi batzuetan. Hilaren 20an, Oñati ezagutzen bisita gidatua eskainiko dute, eta aparteko gidaria egongo da: Gerardo Elortza idazle oñatiarra, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak